- Eginaren Eginez elkartearen eskutik egingo du, gaur egun Euskadin poliomelitisaren birusak kutsatutako pertsona asko biltzen dituen elkartearen eskutik
- Ikerketa-proiektu hau Gogora Institutuaren 2027. urterako Jarduera Planean jasotzen da azken Zuzendaritza Kontseiluan onartutakoa
- Bihar, urriak 24, Poliomelitisaren Aurkako Munduko Eguna da
Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuak ikerketa-proiektu bat hasiko du frankismoan polioaren birusak jotako pertsonen memoria historikoa berreskuratzeko. Ekimen hori Eginaren Eginez elkartearekin batera gauzatuko da; elkarte honek poliomielitisaren birusak kutsatutako pertsona asko biltzen ditu gaur egun Euskadin
Poliomielitisa polioaren birusak eragindako gaixotasun oso kutsakorra da. Ez du sendabiderik, baina txertoa jarrita prebenitu daiteke. Horri esker, gaur egun kutsatzea ia erabat desagerrarazi da mundu osoan. Bihar, urriaren 24a, Poliomelitisaren Aurkako Munduko Eguna da.
Polioaren txertoa 1955etik aurrera hasi zen ematen mundu osoan. Espainia frankistan, ordea, erregimenaren zabarkeriak 8 urte baino gehiagoz atzeratu zituen txertaketa-kanpaina masiboak, eta 40.000 haur baino gehiago saihestu zitekeen kutsatzea eragin zuen, baita Euskadin ere. Gaixotasunaren ondorioek zailtasun fisiko eta sozialek markatutako bizitzak ekarri dituzte. Gaur egun, zailtasun horiek konplexuagoak dira pertsona horiek zahartu ahala eta polio osteko sindromea agertzen denean (nahaste neurologiko horren ezaugarria muskuluen ahultasun progresibo berri bat agertzea da).
Ekimen honen bidez, gaur egun gaixotasunaren ondorioak pairatzen jarraitzen dutenekin lankidetzan, Gogorak Euskadiko Memoria Historiko eta Demokratikoaren Legean jasotzen den Eusko Jaurlaritzak hartutako konpromisoa bete nahi du,. 2023ko irailaren 28an onartutako Lege horren laugarren xedapen gehigarrian, «XX. mendeko berrogeita hamarreko hamarkadatik aurrera Euskadin eragina izan zuen pandemian polio birusa jasan zuten pertsonek jasandako sufrimendua aitortzen da«. Era berean, honako hau ezartzen du xedapenak: «Eusko Jaurlaritzak ikerketak eta azterlanak sustatuko ditu, Francoren diktaduran izurriteak izan zuen hedapenari buruz gertatutakoaren egia argitzeko«. Beraz, sufrimendu bidegabe baten biktima dira, jasan behar izan ez dutena, jaso ezin izan zuten txerto bat zegoelako.
Joan den asteazkeneko Zuzendaritza Kontseiluan onartutako Jarduera Planak jasotzen duen bezala, proiektu hau 2027an jarriko da martxan, eta ikerketa historiko bat eta testigantzen bilketa uztartuko ditu. Frankismoaren garaian gaixotasun hori jasan zuten pertsonen eta haurren sufrimenduaren historian eta memorian jarri nahi du arreta proiektuak. Sufrimendu hori hainbat planotan aztertuko da; batetik, gaixotasunaren kutsadurari eta haren ondorio fisiko eta psikologikoei datxekiena, eta, bestetik, diktadura-testuinguru hartan pertsona horiei egiten zitzaien tratamendu soziosanitarioak eta gaixotasunaren gizarte-ondorioek eragindako sufrimendua. Azkenik, proiektuak polioaren biktimei gaur egun arte utzi dizkien ondorioak aztertuko ditu. Ikerketa-prozesua amaitu ondoren, sortutako ezagutza zabaltzeko eta gizarteratzeko bigarren fase bat egongo da.






