Euskadik 12 domina eskuratuta amaitu du bere parte-hartze historikoa Pilotako Munduko XX. Txapelketan

0

Euskal Selekzioak bere lehen Munduko Txapelketa ofiziala lau urre, zazpi zilar eta brontzezko domina batekin amaitu du, eta hirugarren postua eskuratu du domina-taula nagusian

Euskal Selekzioak amaitu du Pilotako Munduko XX. Txapelketan izan duen parte-hartzea, historiarako geratuko den jardunarekin. Selekzio ofizial gisa nazioarteko txapelketa handi batean lehen aldiz parte hartu duen honetan, Euskadik 15 modalitatetan lehiatu du eta horietako 12tan podiumera igotzea lortu du: lau urrezko domina, zazpi zilarrezko domina eta brontzezko domina bat eskuratuta.

Txapelketan zehar lortutako emaitzek agerian utzi dute euskal pilotaren maila lehiakor handia, eta Euskal Selekzioa nazioarteko pilotaren erreferente nagusien artean kokatu dute.

Guztira 12 domina lortuta, Euskadik hirugarren postua eskuratu du txapelketako domina-taula nagusian. Emaitza are esanguratsuagoa da kontuan hartuta Euskal Selekzioak 30, 36 eta 54 metroko ezker hormako frontoiko modalitateetan eta trinketeko pala egokituko modalitatean bakarrik parte hartu duela. Lehiaketa-programaren zati batean soilik aritu arren, euskal selekzioak Munduko Txapelketako ordezkaritza nabarmenenen artean kokatzea lortu du.

Eusko Jaurlaritzako Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren zuzendariak, Gorka Iturriagak, oso modu positiboan baloratu ditu euskal ordezkaritzak lortutako emaitzak: «Euskal Selekzioak Munduko Txapelketa historikoa egin du. Dominez harago, emaitza hauek gure pilotarien talentua, lana eta konpromisoa erakusten dituzte, baita euskal pilotaren ekosistema osoaren indarra ere. Harro gaude Euskadi kantxan zein kantxatik kanpo ordezkatu duten moduaz.»

Era berean, parte-hartze honek duen balio sinbolikoa nabarmendu du: «Txapelketa hau mugarri bat da euskal kirolarentzat. Euskadi mundu mailako agertokian ofizialki lehiatzen ikusi dugu, eta, gainera, aparteko emaitzak lortzen. Hamabi domina hauek gure kirolaren historiaren parte izango dira hemendik aurrera, eta urte luzez kirolariek, klubek, federazioek eta erakundeek egindako lanaren aitortza ere badira.»

Horrela, Euskal Selekzioak Pilota Munduko XX. Txapelketan izandako parte-hartzeak arrasto ezabaezina utzi du. 15 modalitatetan lortutako 12 dominarekin, Euskadi Argentina eta Uruguaiko hitzordutik itzuliko da goi-mailako kirol jarduna egin izanaren satisfazioarekin, eta kirolaren bidez nazioarteko presentzia indartzeko bidean beste urrats esanguratsu bat emanda.

Euskal Selekzioak lortutako dominak honako hauek izan dira:

Urrezko dominak (4)

  • Gizonezkoen Zesta Punta binakakoa.
  • Gizonezkoen Zesta Punta banakakoa.
  • Gizonezkoen eskuzko binakakoa.
  • Trinkete egokitua.

Zilarrezko dominak (7)

  • Emakumezkoen Zesta Punta binakakoa.
  • Emakumezkoen Zesta Punta banakakoa.
  • Gizonezkoen eskuzko banakakoa.
  • Emakumezkoen gomazko paleta.
  • Gizonezkoen frontballa.
  • Gizonezkoen pala egokitua (36 metro).
  • Gizonezkoen pala motza.

Brontzezko dominak (1)

  • Emakumezkoen frontballa.