- Donostialdeko ESIko Lehen Mailako Arretako profesionalek eta erizain komunitarioek emango dituzte, eta Egiako kultur etxean izango dira, gaztelaniaz BIHAR (azaroak 3) eta azaroaren 24an, eta euskaraz azaroaren 6an eta 27an
- Lantegiak “Heriotzari bizia emanez: heriotzak inporta duelako” VII. Festibalaren barruan kokatzen dira, Bidegin elkarteak eta Donostiako Udalak antolatuta, Osakidetzaren laguntzarekin
- Osakidetzak jendearentzat irekita dauden aurretiazko borondateen lantegi hauek antolatzen ditu, bizitzaren amaierako zainketari buruzko gogoeta eta erabaki informatuak hartzea sustatzeko, Euskadiko Osasun Itunaren eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren konpromisoaren ildotik
Osakidetzak aurretiazko borondateen bi lantegi antolatu ditu, urriaren 30etik azaroaren 7ra Donostian egingo den “Heriotzari bizia emanez: heriotzak inporta duelako” VII. Festibalaren barruan. Bideginek (doluan laguntzeko Gipuzkoako zerbitzuak) eta Donostiako Udalak antolatu dute ekitaldia.
Donostialdeko ESIak bultzatutako lantegiak Egiako kultur etxean emango dira, Donostian: bata euskaraz eta bestea gaztelaniaz; bakoitzak bi saio izango ditu eta bietara joan beharko da agiria sinatu ahal izateko.
- Lantegia gaztelaniaz: saioak azaroaren 3an eta 24an izango dira, 11:00etatik 13:00etara.
- Lantegia euskaraz: saioak azaroaren 6an eta 27an izango dira, 11:00etatik 13:00etara.
Plazak doakoak eta mugatuak dira. Ezinbestekoa da topaketara honetara etortzeko baieztapena hemen ematea: osasuna@donostia.eus helbidean edo 943483878 telefonoan.
Osakidetzako Lehen Mailako Arretako profesionalek eta erizain komunitarioek zuzentzen dituzte lantegiak, aurretiazko borondateen agiria (ABA) ezagutarazteko helburuarekin. Ez da tramite administratibo hutsa, norberaren bizipenei, zainketari eta bizitzaren amaieran erabakiak hartzeari buruzko gogoeta-prozesu gidatu bat baizik.
Autonomia pertsonala errespetatzeak eta norberaren bizitza kudeatzeak berekin dakar pertsona orok (behar bezala informatuta eta derrigortu gabe) eskubidea izatea tratamendu bat onartzen duen ala ez erabakitzeko eta bere buruarentzat ona zer iruditzen zaiona definitzeko. Horrek garrantzi berezia hartzen du bizitza bere amaierara iristen den egoeretan. Ildo horretatik, lantegi hauen helburu nagusia da parte-hartzaileek beren balio, lehentasun eta espektatiba asistentzialei buruz gogoeta egin dezaten sustatzea, behar dituzten ezagutzak eta laguntza aditua emanda, beren agiria modu informatu, kontziente eta autonomoan egin eta formaliza dezaten.
Euskadiko Osasun Ituna: arreta gizatiarragoa, partaidetzazkoagoa eta errespetuzkoagoa
Lantegi hauek Euskadiko Osasun Itunaren ildo estrategiko honetan kokatzen dira: “Bizitzaren amaierako zainketak: arreta duina eta pertsonarengan zentratua”. Ildo horrek erabakien aurretiazko plangintza, zainketa aringarri integraletarako sarbidea eta pertsonen autonomiarekiko errespetua defendatzen ditu. Era berean, lantegiek “Eztabaidatzea eta erabaki partekatuak hartzea” ildoarekin bat egiten dute. Izan ere, herritarrak osasun-sistemaren erdigunean jartzen dituzte eta beren osasunari buruzko erabakietan parte-hartze aktiboa eta informatua sustatzen dute.
Horrela, Donostialdea ESIak bultzatutako jarduerak, aurretiazko borondateen agiria herritarrengana hurbiltzeaz gain, indartu egiten du Osakidetzak arreta gizatiarragoa, partaidetzazkoagoa eta bizitzaren amaieran pertsona bakoitzak dituen lehentasunak eta balioak errespetatuko dituena emateko duen konpromisoa.
Zehazki, lantegiek hiru lekukoen bidea dute ardatz, eta bi saio dituzte, elkarrekiko gutxienez bi asteko tarteaz bereizita.
Lehenengoa informatiboagoa da. Bertan, kontzeptu garrantzitsuak argitzen dira, hala nola “duintasunez hiltzea” edo “zainketa aringarrien” eta “eutanasiaren” arteko aldea. Era berean, gogoeta egitera gonbidatzen da, ABAren eginkizuna zein den eta nola formalizatu behar den azaltzen da eta parte-hartzaileei prozesu osoari buruzko dokumentazioa ematen zaie.
Bigarren saioan, zalantzak argitzeaz gain, hiru lekukoen bidez ABA formalizatzea erabaki duten pertsonek beharrezko dokumentazioa aurkezteko aukera dute, osasun-zentrotik berrikusi eta ondoren erregistrora bidaltzeko.
Nolanahi ere, lantegietara joan ondoren, ez dago ABA egiteko inolako betebeharrik. Pertsonak informatzeko eta osasun profesionalekin batera gogoeta gidatua egiteko joan daitezke, baina horrek ez du konpromisorik sortzen.
Ekimen hau bat dator Euskadiko Osasun Itunarekin, zehazki, osasuna sustatzeko eta lehen mailako arreta eta arreta komunitarioa indartzeko ildoarekin. Ildo horrek osasun-sistema tokiko ingurunera birbideratzea du helburu.






