Kirmen Uribe eta Aina Fullanak euren obra eta euskal eta kataluniar literatura hizpide Mallorcako EEak antolatutako tertulian

0

Kirmen Uribe eta Aina Fullana idazle mallorcatarra solaskide izan ziren joan den asteazkenean Mallorcako Artea Euskal Etxeak, hiriko Quart Creixent liburudendarekin batera, antolatutako literatura ekitaldian, Euskal Etxeko Aingeru Merlo moderatzaile. Bi idazleek onartu zuten bertaratzeko gonbidapena, Aina Fullanaren kasuan bere sorleku eta bizitoki duen Manacor-tik, eta Kirmen Uriberen kasuan, Ondarroatik, oporegun batzuk ari baita jaioterrian pasatzen, jakina denez urte batzuk baitira familiarekin batera New Yorken bizi dela, euskaraz idazten, baina Etxeorratzen Hiritik.

Solasaldia Can Alcover-eko patioan egin zen, poeta mallorcatar ospetsua izan zen Joan Alcover y Maspons-ena (Mallorca 1854-1926) izan zen etxean, gaur egun Kultura Etxea bilakatuta. Berrogei bat jendek hartu zuten parte eta interes handiz segituzten bi sortzaileen azalpen. ikusmolde eta iritziak. Hitzorduan zehar euren ibilbideko emaitza eta zati batzuk aipatu ziren, eta biek komunean dauzkaten puntu eta arloak azaleratu ziren, baita euskal eta kataluniar literaturena eta hizkuntza minorizatuetan idazten duten egileena ere.

Bi autoreen poema eta zati batzuk irakurri ziren, horien artean Kirmen Uribek bere alabari eskainitako poema ezagun bat. Ekitaldia, antolatzaileek bertaratutakoei eta bereziki bi idazleei eskerrak emanez amaitu zen, uztail hondarreko arratsalde bero batean bertara biltzeko egindako ahaleginagatik.