Gaur jarriko dira salgai ‘Black is Beltza II: Ainhoa’, ‘Rainbow’ eta ‘Sintiéndolo mucho’ filmen estreinaldiak Belodromoan ikusteko sarrerak

0

Gaur, 10:00etan, Donostia Zinemaldiaren eta Kutxabanken onlineko salmenta-sistemaren bidez, salgai jarriko dira Zinemaldiaren 70. edizioan Belodromoak hartuko dituen hiru filmetarako sarrerak; zehazki, hauek izango dira filmak: Fernando León de Aranoaren Sintiéndolo mucho, Paco Leónen Rainbow eta Fermin Muguruzaren Black is Beltza II: Ainhoa.

Covid-19aren pandemiaren ondorioz bi urtez emanaldirik antolatu gabe pasa ondoren, Donostia Zinemaldiak zinema-areto gisa erabiliko du berriz ere Belodromoa eta mundu mailako hiru estreinaldirekin ospatuko du: musika-dokumental bat, klasiko baten berrikuspena eta animaziozko film bat.

Aretoak ia 400 metro karratuko pantaila bat izango du, egokituta egongo da eta ia 3.000 ikus-entzule sartuko ahalko dira bertan; larunbatean (hilak 17an), Fernando León de Aranoak (Madril, 1968) Joaquín Sabinari buruz egindako dokumentala emango da bertan. Igandean (hilaren 18an), Rainbowren txanda izango da, Paco Leónen (Sevilla, 1974) begirada The Wizard of Oz klasikoari, Dora Postigo, Carmen Maura eta Carmen Machirekin. Azkenik, ostiralean (hilaren 23an), Fermin Muguruzak (Irun, 1963) bere azken animaziozko filma aurkeztuko digu, Black is Beltza II: Ainhoa (lehen zatiak Zinemira itxi zuen 2018an).

Hiru emanaldi horiez gain, Belodromoak hauek ere berreskuratuko ditu: Euskadiko Orkestra Sinfonikoarekin eta SGAE Fundazioarekin batera antolatutako Kontzertua & Proiekzioa; ezagutza zientifikoarekin lotutako film baten emanaldia ikastetxeetarako, astelehenetik ostiralera, Donostia International Physics Center (DIPC) eta Euskadiko Filmategiaren eskutik; eta Zinemaldiaren azken egunean egin ohi den saioa, amaiera-galaren, Sail Ofizialaren amaierako filmaren eta Perlak saileko film baten emanaldiekin.

Banakako sarreren prezioa 8,25 eurokoa da. Saio bakoitzerako lau sarrera eros daitezke. Erosketa bakar batean hamar sarrera edo gehiago erosiz gero, % 25eko deskontua aplikatzen da.