Barakaldoko Aurrekontu Parte-hartzaileen bozketa prozesuaren lehen astean, 4.107 pertsonak parte hartu dute beren auzoak hobetzeko lehentasunezkotzat jotzen dituzten proiektuen aukeraketan, eta zifra hori dagoeneko 2023ko edizioan erregistratutako botoen guztizkora hurbiltzen ari da, orduan 4.175 zenbatu baitziren. Orain arte emandako boto guztietatik 2.902 kanal elektronikoen bidez egin dira, hau da, parte-hartzearen %70a, eta 1.205 pertsonek (%30a) Udalak prestatutako bide presentzialak aukeratu dituzte.
2017an 2.658 boto erregistratu ziren; 2019an, 2.812; eta 2021ean, 3.123. 2023ko edizioan 4.175 boto lortu ziren. Prozesu horri esker, herritarrek zuzenean erabaki dezakete zer jarduera diren beharrezkoenak beren ingurune hurbila hobetzeko. Edizio honetan, 97 proiektu jarri dira herritarren eskura, hiriko hamabi auzoetan banatuta, 2,2 milioi euroko aurrekontu osoarekin.
BOZKETA ZABALIK DAGO AZAROAREN 15era ARTE
Hiriko hainbat puntutan prestatutako postontzien eta hautestontzien bidez ere parte har daiteke, baita adinekoentzako bederatzi udal-zentroetan eta auzoetan zehar dabiltzan informazio eta bozketa karpetan ere.
Botoa baliozkoa izan dadin, pertsona bakoitzak hiru proiektu hautatu beharko ditu nahitaez, bere auzorako proposatutakoen artetik.
KARPEK AUZOAK ZEHARKATZEN JARRAITZEN DUTE ASTE HONETAN
Prozesua herritarrei hurbiltzeko eta esku-hartze presentziala errazteko, Udalak karpa ibiltarien ibilbideari eutsiko dio aste honetan zehar udalerriko hainbat puntutan. Hurrengo egunetarako aurreikusitako egutegia honako hau da:
- Azaroak 9, astelehena: Kastrexana, arratsaldean, Fuente del Cura plazan.
- Azaroak 10, asteartea: Burtzeña, arratsaldean, Burtzeña plazan.
- Azaroak 11, asteazkena: Lutxana, arratsaldean, Lube plazan.
- Azaroak 12, osteguna: Retuerto, goizean, Norberto Acebal plazan, eta Llano, arratsaldean, Arriaga kaleko 6. zenbakian.
- Azaroak 13, ostirala: El Regato-Gorostiza, arratsaldean, Anbia plazan.
Gainera, azaroaren 9tik 12ra informazio-modulu bat jarriko da Bide Onera plazan, 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara.






