Ibilgailu astunen elektrifikazioari buruzko txosten berria

0

2022ko urrian egin eta INTERGUNE+ 2022 ekitaldian aurkeztu den txosten honek aztertzen du nola ekin dioten ibilgailu astunek, zehazki, kamioiek zero isuriko mugikortasuneranzko trantsizioari.

Elektrifikazioa joan den hamarkadan iritsi zen autobusekin, eta orain kamioien txanda da.  Dagoeneko frogatuta dago posible dela eskualde mailako entrega-trafikoa elektrifikatzea, eta bateriak, gero eta merkeagoak eta iraunkorragoak direnak, distantzia luzeko kamioi elektrikoa bultzatzen ari dira.

Hala, industria hasi da zero isuriko modelo berrien gama gero eta handiagoa eskaintzen (34 modelo desberdin daude eskuragarri edo merkaturatzeko prozesuaren azken fasean). Horrek esan nahi du kamioien elektrifikazioranzko trantsizioa azkartu egingo dela, bateriadun kamioi elektrikoen (BEV) kasuan hamarkada honen bigarren erdian, eta distantzia luze eta karga handiagoetarako aproposagoak diren hidrogenozko piladun (FCV) kamioi elektrikoen kasuan, 2030etik aurrera.

Aurreikuspenen arabera, 2029an, BEV kamioiak munduko kamioi-ekoizpenaren % 6,4 izango dira eta FCV kamioiak, berriz, % 1.  Halere, jabetzaren kostua eta azpiegituraren garapena izango dira kamioi hauek bultzatzeko gakoak.

Bestalde, OEMak behartuta daude hainbat teknologiatan inbertitzera aldi berean, eta aliantza berri ugari sortu dira teknologia berriak elkarrekin garatu eta ekoizteko. Gainera, OEM horiek guztiz murgilduta daude euren ekoizpen-prozesuen optimizazioan eta zenbait lantegi egokitzeko prozesuetan. Europan badaude propultsio alternatibodun kamioiak ekoizteko gaitasuna duten hamahiru instalazio.

Aldi berean, hornitzaileak posizionatzen ari dira balio-kate berrian euren txokoa lortzeko. Powertrain tradizionalen ia Tier1 guztiak ari dira inbertitzen osagai berrien fabrikazioan eta berrikuntzan, badakitelako eraldaketa ezinbestekoa izango dela; beste hornitzaile batzuk, berriz, ibilgailu arinen elektrifikazioan duten know-how-a aprobetxatzen ari dira ibilgailu astunen segmentuan sartzeko.

Propultsioaren elektrifikazioaz harago, kamioiek beste alderdi batzuetan ere eboluzionatuko dute, bateriak iraunkorrago egiteko (aerodinamika) eta gidariaren erosotasuna nahiz gidatze autonomoa ahalbidetzeko. Azken horri dagokionez, helburua da ahalik eta azkarren lortzea 4. mailako autonomia, zeinetan gidaria bakarrik izango baita beharrezkoa paketeak jaso eta entregatzeko. Ibilbide egokietan elkartzen badira ibilgailu elektrikoak eta gidatze autonomoa (gidaririk gabekoa), kamioi elektrikoaren abantaila ekonomiko guztiak aprobetxatu ahal izango dira ibilgailuen erabilpen intentsiboaren bidez.


HEMEN deskargatu dezakezu txostena