Gobernu Kontseiluak onartu du datozen egunetan Deskarbonizazio Industriala Programa argitaratzeko tramiteak abian jartzea. Programa horri esker, Euskal Autonomia Erkidegoko industria-enpresek, enpresa handiek eta enpresa txiki eta ertainek, aurten, 22 milioi euro jaso ahal izango dituzte, ekoizpen-instalazioetan inbertsioak sustatzeko eta, hala, berotegi-efektuko gas gutxiago sortzeko eta ekoizpen-prozesuetan deskarbonizazioa garatzeko.
Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailak bigarren urtez aktibatu du programa hori, SPRIren bitartez. Otsailaz geroztik, programa horren aurreeskaera zabalik dago, eta, horri esker, diruz lagundu daitezke programa ireki aurretik hasitako inbertsioak.
Hurrengo asteetan eskaera egiteko epea irekitzen denean, enpresek 1,5 milioira arteko laguntzak eskatu ahal izango dituzte, beren industria-instalazioen eta ekoizpen-prozesuen deskarbonizaziorako inbertsioei aurre egiteko.
2024ko balantzea
Eusko Jaurlaritzaren Deskarbonizazio Industriala Programan, 2024an, 58 enpresa izan ziren 17,6 milioi euroko inbertsio publikoaren onuradun, eta inbertsio horrek beste 85,6 milioi euroko inbertsio pribatua eragin zuen. Batez beste, 303 mila euroko dirulaguntza izan zen proiektu bakoitzeko.
Onartutako proiektuetatik, 16 proiektuk eguzki-panel fotovoltaikoak barne hartu zituzten. Gainera, % 82 energia-efizientziako proiektuetarako jarri ziren, % 15 elektrifikaziorako eta % 3 energia-efizientziako eta elektrifikazioko proiektuetarako.
2024an, honako hauek izan ziren sektore onuradun nagusiak: forjaketa eta galdaketa; siderurgia eta metalurgia; beira-fabrikatzaileak; makina-erreminten fabrikatzaileak; paper-fabrikak; petrolioa fintzeko enpresak; ekipo elektrikoen fabrikatzaileak; alkoholik gabeko edarien fabrikatzaileak; osagai aeronautikoen fabrikatzaileak; mekanizatuen fabrikatzaileak; plastikozko piezen fabrikatzaileak; eta balorizazio eta birziklatzearen arloko enpresak.
10 urtetan erregaien kontsumoa eta CO2-ko emisioa murriztea
58 enpresa horiek beren ekoizpen-instalazioak berotegi-efektuko gas gutxiago sortzen duten espazio bihurtzeko hasi dituzten prozesuei esker, 10 urtetan erregaien kontsumoa 1.232.580 MWh murriztuko da elektrizitatean, 1.106.379 MWh gas naturalean, 2.105.000 litro fuel-olioan eta 7.100.000 litro gasolioan.
Hala, Deskarbonizazio Industriala Programari esker, 10 urtetan 1,45 milioi tonako CO2-ko emisioak saihestuko dira, eta epe horretan bertan lehengaien kontsumoa 467.990 tonatan murriztuko da —ur korronteko 363.376 tonako murrizketa nabarmentzen da—.Bestalde, hondakinen kudeaketa 51.389 tonatan murriztea lortuko da.
Deskarbonizazio Industriala programa funtsezko tresna da hazkunde ekonomikoa, garapen industriala eta aurrerapen teknologikoak sustatuko dituen deskarbonizazio adimendunerantz aurrera egiteko. Azken batean, Eusko Jaurlaritza industria-sektorearen eskutik garatzen ari den prozesua da.
Deskarbonizazio Industriala Programa
Deskarbonizazio industrialerako laguntzak bideratzen dira enpresek prozesuari hasiera ematera. Zehazki:
- Lehendik dagoen ekoizpen-prozesuarekin zuzenean lotzen den makineria erostera.
- Lehendik dagoen produkzio-prozesurako osagai osagarri gehigarriak erostera.
- Ekoizpen-instalazioak hobetzera, esaterako, industria-instalazioen girotze- edo berokuntza-sistemak optimizatzera.
- Establezimendu berriak edo oraindik existitzen ez diren ekoizpen-lerroak erostera.
Berotegi-efektuko gasen emisioak murriztea dakarten proiektuak, hala nola lehengai jasangarri berriak edo sekundarioak erabiltzea, industria-hondakinak kudeatu eta balorizatzea eta gas fluordunak ordezkatzea.