Gastronomia jasangarriaren garrantziaz sentsibilizatzeko Gastro Haziak esperientziak Euskadiko lehen hezkuntzako hiru ikastetxe bilduko ditu finalean

0
PRUEBA

• 9 taldetako 202 ikaslek parte hartu dute gastronomia iraunkorraren garrantziaz sentsibilizatzeko lehiaketaren bigarren edizio honetan.

• Ekainaren 9tik 11ra bitartean, ondoen sailkatutako 3 taldeek Gasteizko Abastos Merkatua bisitatuko dute Euskadiko ekoizleekin, eta menu bat egingo dute Bode jatetxeko Asier Moreira sukaldariaren begiradapean.

HAZIk eta Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailak bultzatutako Gastro Haziak lehiaketaren bigarren edizioan parte hartzeari ekin zioten aurtengo otsailean Euskadiko hainbat ikastetxetako 202 ikaslek osatutako 9 ikasle taldek. Hala, hilabete hauetan gastrohaziak.hazi.eus web plataforman planteatu zaizkien hainbat erronka landu dituzte, hala nola elikagaien jatorria edo tokiko produktuen kontsumoak dituen onurak, Euskadiko baserritar eta arrantzaleen lanari balioa emanez.

Ekainaren 9tik 11ra bitartean, «Gastro Haziak Esperientzia» lehiaketan ondoen sailkatu diren hiru taldeek jokatuko dute finala Gasteizen. Azken sari hau Eusko Label ziurtatutako kalitatezko elikagaien ekoizle batekin batera Abastos Merkatura bisita bat egitean eta Bode jatetxeko Asier Moreira sukaldariak gainbegiratutako menu gastronomiko bat egitean datza.

Lehiaketaren bigarren honetan, postu onenak lortu dituztenak izan dira Bilboko Abusu Ikastolako talde bat eta Barakaldoko Alkartu Ikastolako bi talde. Horiek guztiek, proiektuan parte hartu duten gainerakoek bezala, jakin dute gure landa-ingurunearen errealitatera hurbiltzen, nekazaritzako elikagaien jasangarritasunaren balioetara eta tokiko produktuak kontuan hartzearen garrantzira.

Eusko Jaurlaritzako Elikagaien Kalitate eta Sustapeneko zuzendari Nora Beltran de Otalorak «Gastro Haziak» esperientzian parte hartu duen taldetako batekin izan da gaur goizean, eta egindako lanagatik zorionak eman dizkie ikasleei. Beltran de Otalorak eskerrak eman dizkie ikasleei eta irakasleei horrelako ekimenetan parte hartzeagatik. Ekimen horiek Euskadiko elikadura-katera hurbiltzen dituzte gazteenak, gure nekazaritzan arreta berezia jarriz, eta Euskadin ekoizten diren kalitatezko elikagaiak dietan sartzen irakasten diete.

Gaur Barakaldoko Alkartu Ikastolako ikasleek bisita gidatua egingo dute Sta Barbara Azoka enparantzan (Guridi karrikan), Euskaber Eusko Labela duen Euskal Baserriko Arrautzetako Iñigo Irigoien ekoizlearen gidaritzapean. Ondoren, Bode jatetxeko Asier Moreirak zuzendutako sukaldaritza tailer batean parte hartuko du.

HAZIk Euskadiko Lehen Hezkuntzako ikastetxeei dei egin die berriro, bosgarren eta seigarren mailako ikasleek hurrengo ikasturtean parte har dezaten.