Eusko Jaurlaritzak 450M €-rainoko finantzaketa-lerro bat irekiko du enpresa-sektoreari laguntzeko, muga-zergen ondorioak arintzeko. Horretarako, Gobernu Kontseiluak Elkargirekin eta Euskadiko finantza-erakunde nagusiekin hitzarmenak sinatzea onartu du gaur, Ameriketako Estatu Batuekin merkataritza-harreman handiagoa duten jarduera-sektoreetako enpresa txiki eta ertainek, hauta daitezkeen enpresa handiek eta enpresaburu eta profesional autonomo indibidualek likidezia-premiei erantzun ahal izan diezaieten.
Kreditu-lerro hori Elkargik eta finantza-erakundeek bideratuko dute. Mailegu hori eskatzen duten enpresek ELKARGIren bidez kudeatu beharko dute abala. ELKARGIk kasuz kasu aztertuko ditu eskaerak, eta, horretarako, erabili ohi diren azterketa- eta erabaki-irizpide arruntak aplikatuko ditu. Mailegu horiek 5 urteko amortizazio-epea izango dute, eta gehienez 2 urteko gabealdia.
Horrela, lehendakariak apirilaren 9an Industriaren Defentsarako Taldearen bileran iragarritako Finantza Laguntzako Programa aktibatuko da, enpresa txiki eta ertainei zuzendutako maileguen bidez. Programa horren helburu nagusia da Euskadin zuzenean eraginpean dauden eragile ekonomikoen likidezia- eta finantzaketa-premiei erantzutea.
Euskal Autonomia Erkidegoko enpresa-sektoreari emandako laguntza hori Trump administrazioaren jardunek eragindako testuinguruan sartzen da. Ameriketako Estatu Batuetan hartutako neurriek haustura nabarmena eragin dute munduko merkataritzan, eta ziurgabetasun handia sortu dute etorkizunean izan dezakeen bilakaeraren inguruan. Ondorioak handiak izaten ari dira, bai enpresa zehatzentzat, bai Ameriketako Estatu Batuekin harreman zuzena edo zeharkakoa, baina adierazgarria, duten sektore osoentzat.
Nazioarteko merkataritza arautuko duen azken arau-esparrua zein izango den oraindik argi zehaztu ez den arren, agerikoa da egoera-aldaketa baten aurrean gaudela. Egoera-aldaketa horretan eragile ekonomiko guztiak berriro kokatu beharko dira, egungo jarduerari nahiz etorkizuneko plangintzari eragiten baitio.
Egoera horren aurrean, Eusko Jaurlaritzari ezinbestekoa iruditzen zaio jardutea. Horretarako, aparteko neurriak hartu behar dira, batetik, berehalako ondorio negatiboak arintzen laguntzeko, eta, bestetik, gure enpresei testuinguru berrira arian-arian egokitzen laguntzeko.
Hitzarmen horiek sinatzearekin, Eusko Jaurlaritzaren iritziz, “egiten den ahalegina lagungarria izango da gure produkzio-sarea babesteko, enpleguari eusteko eta gure enpresen erresilientzia indartzeko, nazioarteko ingurune gero eta aldakorrago baten aurrean”.