- Imanol Pradales lehendakariak “Nolakoa da politika emakumeentzat?” mintegia inauguratu du gaur eta bertan euskal emakume politikari nabarmenek parte hartu dute
- Jennifer Piscopok eta Nuria Varelak beren ikuspegi aditua eman dute emakumeen ordezkaritza substantiboa aztertuz
Imanol Pradales Lehendakariak Emakundek antolatutako «Nolakoa da politika emakumeentzat?» mintegia inauguratu du gaur Bilbon. Erabaki politikorako guneetan emakumeek duten zereginari buruz hausnartu dute topaketan, zifretatik haratago joan den ikuspegitik. Hala, Emakundek egindako planteamendua emakumeen ordezkaritza substantiboan oinarritu da, emakume politikariek gizonen baliabide eta baldintza berak dituzten edo haien lidergoak politika propioak bultzatzeko aukera ematen dien bezalako galderak eginez.
Lehendakariak emakumeen ordezkaritzan izandako aurrerapenak aipatu ditu, Eusko Legebiltzarra eratu zenetik, duela 45 urte (4 emakume eta 56 gizonekin), gaur egun arte, non eserlekuen erdiak baino gehiago emakumeek betetzen dituzten. Hala ere, gogorarazi du zenbakiek ez dutela argazki osoa erakusten, “emakumeek zailtasunak izaten jarraitzen baitituzte erabaki-guneetan sartzeko, eta oraindik gure subkontziente sozialean ezarritako oztopo asko gainditu behar ditugulako”, gogorarazi du Imanol Pradalesek. Eta adibide bezala aipatu du emakumeei gehiago eskatzen zaiela eta emakumeen artean anbizioa zigortuagoa dagoela, besteak beste.
Lehendakariak emakume politikariek beren potentziala berdintasunean garatu ahal izateko beharrezko baldintzak sortu behar direla esan du. «Eta gizonok horretan dugun erantzukizunari dei egiten diot. Guztiona den borroka honen alde borrokatzen lehenak izan behar dugu «.
Emakundeko zuzendari Miren Elgarrestak, bestalde, eskerrak eman dizkie erabakigune politikoetan dauden emakumeei eta, bereziki, bidea ireki zuten aitzindariei. «Gaur egungoak baino are ingurune maskulinizatuagoei aurre egin zieten emakumeen belaunaldiaren ekarpena oso baliotsua izan da».
Emakume hautetsien, alkateen, zinegotzien eta diputatuen artean elkartrukerako, prestakuntzarako eta ahalduntze kolektiborako sareak sortzearen garrantzia ere defendatu du Elgarrestak, «emakume izateagatik askotan antzeko egoerei aurre egin behar dietelako». Eta sareen adibide gisa Virginia Wolf Basquekola ekimenaren aipatu du, Emakundek eta EUDELek sustatzen dutena.
Mintegiak bi zati izan ditu, bata hausnarketa akademikoa eta bestea azterketa praktikoa, emakumeek politikan duten eginkizun eraldatzaileari buruz hitz egiteko. Jennifer Piscopo, Londresko Unibertsitateko Genero eta Politikako irakasle titularra eta Royal Hollowayko Genero Institutuko zuzendaria, eta Nuria Varela, kazetari, idazle eta feminista eta “El síndrome Borgen” liburuaren egileak emakumeek politikan duten ordezkaritzaren kalitateari buruz aritu dira, besteak beste.
Bigarren zatian, bi mahai-inguru egin dira euskal erakundetako hainbat ordezkariekin, eta politikagintzan izandako esperientziak partekatu dituzte. Lehenengo solasaldian Elixabete Etxanobe Bizkaiko ahaldun nagusiak, Nagore Alkorta Azpeitiko alkateak eta Cristina Gonzalez Arabako lehen diputatu nagusiordeak hartu dute parte. Bigarren mahaian Maitane Ipiñazar eta Edurne Benito legebiltzarkideak eta Ane Oyarbide Donostiako Udaleko Berdintasun zinegotzia izan dira.