Bizkaiko Foru Aldundiak GeoBizkaian sartu du emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko toki-baliabideei buruzko mapen eta informazio interaktibo eta geolokalizatuaren plataforma publikoa. Bizkaiko Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Lurralde-sarearen web-orrian ere ikusgai egongo da mapa.
Herritarrentzat eskuragarri dagoen informazioa hobetzeko prozesuan, Bizkaiak tresna publiko bat sistematizatu eta haien eskura jarri du, lurraldeko udalerri eta mankomunitate bakoitzean berdintasunarekin lotutako zerbitzuen, teknikarien eta baliabideen egoera argiro eta eguneratuta kontsultatzeko aukera ematen duena.
GeoBizkaiak aukera ematen du informazio hori mapa interaktiboen bidez bistaratzeko; mapa horiek modu erraz eta geolokalizatuan erakusten dute zer baliabide dauden, non dauden eta nola dauden antolatuta. Gainera, informazio hori bera eskuragarri dago Bizkaiko Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Lurralde-sarearen web-orrian (https://www.bizkaia.eus/es/igualdad/red-territorial).
«Berdintasun-politikek egitura, pertsona eta baliabide egonkorrak behar dituzte. Ez dira aukera bat administrazio publikoentzat, betebehar bat baizik. Mapa honek aukera ematen digu udalerriek eta mankomunitateek egiten duten lanari balioa emateko, baliabide horiek non dauden eta oraindik ere lanean non jarraitu behar dugun ikusarazteko», azpimarratu du Teresa Laespada Enplegua, Gizarte Kohesioa eta Berdintasuna Sustatzeko foru diputatuak.
Ildo horretan, Laespadak nabarmendu du asmoa dela herritar guztiei «egiturei, baliabideei eta arreta publikoari buruzko informaziorik onena ematea matxismoaren aurkako borrokan».
Ekimena Enplegua, Gizarte Kohesioa eta Berdintasuna Sustatzeko Saileko Berdintasun Zuzendaritzak bultzatu du, GeoBizkaiarekin lankidetzan, berdintasun-arloko politika publikoen ikusgarritasuna, gardentasuna eta eraginkortasuna indartzeko.
Zer eskaintzen du mapak?
Tresnak aukera ematen du identifikatzeko zer udalerrik dituzten zerbitzu propioak, langile tekniko espezializatuak edo kanporatutako baliabideak, bai eta berdintasunaren eta indarkeria matxistaren arretaren arloan eskuragarri dauden tresnak ere.
Gainera, profesionalei, arduradun politikoei, erakundeei eta herritarrei informazio horretarako sarbide argia ematen die, plangintza hobetzeko, gabeziak detektatzeko eta tokiko berdintasun-politika publikoak indartzeko.
Berdintasunerako Lurralde-sarea
Bizkaiko Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Lurralde-sarea 4/2018 Foru Arauaren 17. artikuluak arautzen du, eta Foru Aldundiaren, udalerrien eta udalaz gaindiko entitateen arteko baterako lan-espazioa da. Haren helburua da tokiko berdintasun-politikak indartzea eta koordinatzea, teknikarien sarea bultzatzea eta kolektibo feministekin eta gizarte-erakundeekin parte hartzeko kanalak bermatzea.
GeoBizkaian eta Lurralde-sarearen web-orrian mapa argitaratuta,beste aurrerapauso bat gehiago emango da informazio publiko osoagoa, eskuragarriagoa eta gardenagoa lortzeko bidean. Hemendik aurrera, herritarrek eta erakundeek tresna argi bat izango dute lurraldearen errealitatea hobeto ulertzeko, hutsuneak detektatzeko eta desberdintasunak desagerrarazten eta eskubideak bermatzen laguntzen duten politika publikoak indartzeko.