- Dosia nagusiki jaioberri guztiei, garai aurreko jaioberriei eta gaixotasun kronikoren bat duten 2 urtetik beherako haurrei jarriko zaie
- Iaz, xede-biztanleriaren % 90 immunizatzea lortu zen, eta, horri esker, % 35 murriztu ziren Lehen Mailako Arretako eta Larrialdietako kontsultak,eta % 50 ospitalizazioak
Udazkenaren hasieran bezala, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eta Osakidetzak haurrei zuzendutako bronkilitis akutuaren aurkako txertaketa-kanpaina berri bat egingo dute. Aurtengoa hirugarrena izango da, eta datorren astelehenean, irailaren 15ean, jarriko da martxan. Pasa den urtean, Osakidetzak xede-biztanleriaren % 90 immunizatzea lortu zuen; horri esker, % 35 murriztu ziren Lehen Mailako Arretako eta Ospitaleetako Larrialdietako kontsultak, eta % 50 gaixotasun horren ondoriozko ospitalizazioak 2 urtez azpiko haurretan, aldiz ehuneko hori %65ekoa izan zen 3 hilabete baino gutxiagoko haurtxoei dagokionean.
Iazkoan bezala, 2025-2026ko kanpaina honetan bronkiolitis akutu larria izateko arrisku handiena duten taldeak immunizatuko dira:
- Jaioberriak; horiei kanpainak iraun bitartean immunizatuko dira (udazkenean eta neguan).
- 3 hilabete baino gutxiago dituzten haurrak; kanpainaren lehen asteetan jarriko zaie txertoa.
- Urtebete baino gutxiagoko garai aurreko jaioberriak.
- Biriketako gaixotasunak, bihotzeko gaixotasunak, gaixotasun neurologikoak edo immunitarioak dituzten 2 urtetik beherako haurrak. Pediatriako espezialistek zuzenean emango diete horren berri familiei.
Bronkiolitis larria arnas infekzio bat da, eta batez ere 2 urtetik beherako haurrei erasaten die. Hasieran, katarroaren antzeko sintomak agertzen dira, hala nola mukiak, eztula edo sukarra, baina egun batzuen buruan beste sintoma batzuk ager daitezke, adibidez, arnasa hartzeko zailtasunak, txistuak edo nekea, eta neke horrek esnea hartzean eragiten die haurtxoei.
Normalean, kutsadura kasuak epidemia bihurtzen dira urritik martxora bitartean, eta intzidentziarik handiena azarotik abendura bitartean izaten da. Kasu gehienetan bronkiolitis akutua larria ez bada ere, haurren eta haien familien bizi-kalitatean eragin ohi du luzaroan, eta, gainera, gainkarga nabarmena eragiten du osasun-sisteman epe laburrean.
Antigorputzaren eraginkortasun handia
Bronkiolitisa birus ezberdinek eragindako gaixotasuna da, eta Arnas Birus Sinzituala da ohikoena. Ezdago tratamendu espezifikorik, eta neurri eraginkorrenak gaixoa erosoago egon dadin hartzen direnak dira, hala nola sudur-jariakinak garbitzea eta sukarra dagoenean antitermikoak ematea. Zorionez, badira urte batzuk prebentzio-tresnak daudela, esaterako, Nirsevimab izeneko antigorputz bat. Medikamentu hori muskulu barnetik ematen da birusarekin kontaktuan egon aurretik, dosi bakar batean, eta gaixotasuna prebenitu dezake, eta, hori ez ezik, bronkiolitis akutuaren forma larrienak saihestu ere. Gaur egun arte gure inguruan egindako azterketek eraginkortasun handia erakusten dute.
Izan ere, iaz, Osakidetzako Lehen Mailako Arretako eta Larrialdi Zerbitzuetako kontsultetan xede-biztanleriaren % 90 baino gehiago immunizatzea lortu zenez, % 35 murriztu ziren Lehen Mailako Arretako eta ospitaleko larrialdietako kontsultak, eta gaixotasunaren ondoriozko ospitalizazioak % 50 gutxiago izan ziren 2 urtez azpiko haurretan, aldiz ehuneko hori %65ekoa izan zen 3 hilabete baino gutxiagoko haurtxoei dagokionean.
Prebentzio-neurriak: Osakidetzaren Bronkiolitisaren Ibilbidea
Bestalde, epidemiaren hasierarekin batera, Osakidetzako zentro guztiek, bai Lehen Mailako Arretakoek bai ospitaleetakoek, Bronkiolitisaren Ibilbide Asistentzial Integratua jarriko dute martxan berriro. Bronkiolitisa duten paziente pediatrikoekin egin beharreko jarduerak biltzen ditu, prebentzio, diagnostiko eta tratamendu jardunbide onenak bermatzeko, bai eta hasieratik arreta homogeneoa emateko ere. Gainera, ekimen horren barruan, Osakidetzak gaixotasunari eta haren erabilerari buruzko informazioa ematen die familiei, idatzizko eta ikus-entzunezko materialen bidez.
Bronkiolitisa infekzio bat da eta, beraz, kutsatu egiten da. Horregatik, Marta Montejo Osakidetzako pediatrak azpimarratu du oso garrantzitsua dela katarroa duten haurrekin eta helduekin kontaktua saihestea, infekzio-fokua izan baitaiteke eta bronkiolitisa eragin baitiezaioke haurtxoari. Gainera, transmisioa prebenitzeko eskuak garkitzea ezinbestekoa dela adierazi du, «eztul egiten dugunean, doministiku egiten dugunean, mukiak kentzen ditugunean edo beste haur bati sudurra garbitzen diogunean birusa gure eskuetara pasa daiteke, eta hortik beste pertsona edo objektu batera, infekzioa zabaldu eta kutsatzea erraztuz. Horregatik da funtsezkoa eskuak garbitzea «.
Osakidetzak herritarrei gogorarazi nahi die prebentzioko oinarrizko neurriak bronkiolitis akutuarekin ez kutsatzeko arnasketako edozein gaixotasunenak bezalakoak direla, hau da, eskuak maiz garbitzea, espazio itxi eta jendetsuetan ez egotea, barrualdeak aireztatzea, haurra haurtzaindegira edo eskolara ez eramatea gaixorik dagoenean, edo arnas sintomak (katarroak, eztula edo sudurreko mukositatea) dituzten pertsonek jaioberriak ez bisitatzea, neurri horiek guztiak oso garrantzitsuak baitira kutsatu ez daitezen.
Informazio gehiago nahi izanez gero, Bronkiolitis Akutuaren atal espezifikoa eskuragarri dago Osasun Eskola Plus-en: https://osasuneskola.osakidetza.eus/es/medialib/html/bronkiolitis-akutua