Idoia Ortubia, Eusko Jaurlaritzaren Itsasertzaren Garapenaren, Portuen eta Itsas Gaien Zuzendaritzaren Gipuzkoako Portuen Lurralde zerbitzuburuak nabarmendu duenez, “oso garrantzitsua da portu-azpiegituretan sakonerei eustea itsas segurtasuna indartzeko”. Eusko Jaurlaritzako Itsasertzaren Garapenaren, Portuen eta Itsas Gaien Zuzendaritzak Valentzian gaur asteazkenera arte egin diren Portu Autonomikoen Jardunaldietan parte hartu du. Portuen kudeaketa transferituta duten hamar autonomia-erkidegoek parte hartuko dute jardunaldi tekniko horietan.
Gipuzkoako Portuen Lurralde zerbitzuburuak hitzaldia eman du; Euskadiko portu autonomikoetako dragatzeen eta itsas isurien kudeaketa azaldu du. “Dragatzeak egitea beharrezkoa da portuetako sakonerei eusteko eta nabigazioa segurtasunez egiteko. Ibaien bokaletan dauden portuen (adibidez, Hondarribia, Orio, Zumaia eta Deba) eta bokaletatik kanpo daudenen (adibidez, Donostia, Getaria eta Mutriku) sakoneren mantentze-lanetan dauden ezberdintasunak nabarmendu ditugu” zehaztu du.
Dragatze-lanak gastu handia dira aurrekontu publikoetan, eta, beraz, “portu bakoitzaren tipologia eta bertan egiten diren jarduerak kontuan hartu behar dira dragatze-lanak egiteko ordena erabakitzeko eta lehenesteko”, esan die teknikariak jardunaldietako parte-hartzaileei.
Valentzian egiten ari diren jardunaldi teknikoetan Gipuzkoako Portuen Lurralde zerbitzuburuak zehaztu duenez, “dragatze-plan baten helburu nagusiak izan behar dira portu bakoitzean ezarritako gutxieneko sakonerei eustea; dragatze horietatik eratorritako materialak ingurumen-arauen arabera kudeatzea, eta ahalik eta eperik luzeenerako baimenak lortzeko izapideak egitea”.
“Helburu operatiboek portu-eremu bakoitzean bermatu beharreko sakonera nominalak eta minimoak zehazten dituzte, isurketa-puntuak, dragatze-garaiak eta baimentze-baldintzak zehazten dituzte, dragatze-materialen ezaugarriak ebaluatzen dituzte eta batimetriak egiten dituzte, eboluzioaren arabera urte bakoitzean dragatu beharreko bolumenak doitzeko”, nabarmendu du Ortubiak.
“Ingurumen-informazioko eta -hezkuntzako ekintza puntualak ere behar dira, Dragatze Plana berrikusi eta hobetzea, portu-jardueraren aldaketak direla eta, betiere dragatzeak egikaritzeko zailtasunez ohartarazita”, gaineratu du.
Atzo, asteartea, jardunaldia Deniako Portuan egin zen, eta Marc García Manzana, Kosta, Portu eta Aireportuetako zuzendari nagusiak aurkeztu zuen. Honako hauen hitzaldiak egin ziren: Esther Roca Isart, Ports de Catalunyakoa; Ana Isabel Calzadilla, Galiziako Portu Plangintza eta Ustiapen Saileko burua; Pablo Marín Noriega, Murtziako Itsasertzeko eta Portuetako zuzendari nagusia; Juan Antonio Rodríguez Pardo Galiziako Azpiegitura, Ingurumen eta Segurtasun Saileko burua, María Tejerina Puente Kantabriako Urak eta Portuak Sailekoa.
Gaur, asteazkena, Valentziako portuan egingo dira jardunaldiak, hauekin: Vicente Martínez Mus Ingurumen, Azpiegitura eta Lurralde Kontseilaria; Ignacio Álvarez-Ossorio, Andaluziako Portuen Agentzia Publikokoa; Juan José Ortega, Valentziako Generalitateko Portuen Ataleko burua; Vicente Ibarra, Valentziako Generalitateko Kosta eta Portuen Zuzendaritzakoa; eta Sergio Esig Maroto, Valentziako Generalitateko Portu eta Aireportuen Administrazio Zerbitzuko burua.






