Ongizate emozionala gaur egun gazteei eragiten dien kezka handienetako bat bihurtu da. Gai hori, beraz, oso aipatua da, baina, askotan, ez dira kontuan hartzen gazteen testigantzak, ezagutzak eta bizipenak. Errealitate horren jakitun, Euskadiko Gazteriaren Kontseiluak (EGK), Eusko Jaurlaritzako Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografiko Sailarekin lankidetzan, KRISTALEZKOAK ekimena landu du, gazteek beren ongizate emozionalaren inguruan dituzten kezkak entzun, ikusarazi eta ulertzeko. «Gazteak kristalezkoak gara, baina ez hauskorrak garelako, gardenak garelako baizik», ondorioztatu du proiektuak, eta azpimarratu du ikuspegi hori orientagarri izango dela Euskadin etorkizuneko politika publikoak diseinatzeko eta garatzeko. 2024ko irailean eta azaroan, jardunaldiak eta saioak antolatu ziren Euskadiko hiru lurraldeetan — Zarautzen, Gasteizen eta Bilbon —, eta 300 gazte inguruk parte hartu zuten. Topaketa horietan, gazteen ongizate emozionalean eragiten duten faktore nagusiei buruz eztabaidatu zen, eta honako hauek nabarmendu ziren: gizarte-presioa, lor ezin daitezkeen idealak, diskriminazioa, aukerarik eza eta etengabeko zarata, haien osasun emozionalari zuzenean eragiten dioten elementu gisa.
Dinamika horien emaitza zenbait ondorio dira, arazo konplexu bati aurre egiteko erantzun sozial eta politiko integral baten beharra azpimarratzen dutenak, eta gazteek beraiek lehentasun nagusien artean kokatzen dituzte, baita agerikoagoak diren beste gai batzuen gainetik ere. Ondorio horiek zabaltzeko eta gizartea sentsibilizatzeko, EGK-k KRISTALEZKOAK komunikazio-kanpaina abiarazi du, «Gardenak gara, ez hauskorrak» lelopean. Kanpaina Euskadiko espazio publikoetan egongo da, garraioak eta geltokiak, Euskadiko Gazteriaren Kontseiluaren sare sozialak eta euskal telebista publikoko komunikabideak barne.
«Badakigu entzutea ez dela nahikoa: ekin egin behar zaio. Inbertitu, koordinatu, eraldatu egin behar da. Bermatu behar da Euskadiko gazte bakoitzak jakin dezala ez dagoela bakarrik, bere ongizateak axola duela, bere ahotsak balioa duela eta bere eskubideak babestuak izango direla. Dokumentu hau ibilbide-orri bat da. Euskadi gizatiarragoa, enpatikoagoa eta bidezkoagoa eraikitzeko gonbita da. Osasun mentalak lehentasuna izango duen Euskadi bat, non gazteak protagonista izango diren, eta non konpromiso instituzionala gure gazteek erakutsi duten kemenaren mailan egongo den» azaldu du Nerea Melgosa Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoko sailburuak. Ekimen horrekin, EGK-k eta Eusko Jaurlaritzak urrats sendoa egin dute politika publiko informatuak, sentikorrak eta gazteen errealitatean ardaztuak eraikitzeko, eta haien ongizate emozionala bermatzen lagundu dute, gizarte bidezkoago eta osasungarriago baten funtsezko zutabe gisa.






