Ricardo Ituarte Segurtasuneko sailburuordeak gaitzetsi egin ditu igandean Gasteizen izandako istiluak: orain arte 19 pertsona atxilotu dituzte, 20 ertzain arin zauritu dira eta kalte material ugari eragin dituzte.
Gertakariak eguerdian izan dira, Probintzia plazan, muturreko taldeen artean, Falange Españolak Espainiaren batasunaren alde deitutako elkarretaratze baten hasieran. Jarraian, istiluak Arabako hiriburuko erdiguneko hainbat kaletara hedatu dira, eta hiriko edukiontzi batzuk ere erre dituzte.
Ertzaintzak Brigada Mugikorreko hainbat baliabide mobilizatu ditu, drone- eta helikoptero-irudiekin, gertakariak kontrolatzeko. Ertzaintzak 19 pertsona atxilotu ditu, tartean adingabe bat, desordena publikoak egotzita, eta hogei bat ertzain arin zauritu dira. Gainera, istiluek kalte material ugari eragin dituzte (kaltetutako ibilgailuak, erretako eta iraulitako edukiontziak, hautsitako galtzada-harriak, altxatutako kutxetak…). Ordu honetan atxilotutako pertsona guztiak kontramanifestazioan parte hartu duten pertsonak dira, eta harriak eta hainbat material ere jaurti dituzte segurtasun-dispositiboan parte hartzen ari ziren agenteen aurka.
Ricardo Ituarte Segurtasun sailburuordeak gaitzetsi egin ditu istiluak: «oso gertakari larriak dira, bizikidetzaren aurkakoak eta gure gizartean lekurik ez dutenak. Zoritxarrez, faxista talde batek deitutako elkarretaratze batek faxista euskaldunen erantzunarekin egin du topo. Beste behin ere istiluak eragin dituztenek ordena eta segurtasuna zaintzen ari ziren ertzainei zuzenean egin die eraso. Ez dugu onartuko iraganeko garaiak gogorarazten dizkiguten holako gertaerarik”. Segurtasuneko sailburuak Ertzaintzako agenteen profesionaltasuna ere nabarmendu du “erasoak jaso dituzten arren, beste behin ere profesionaltasuna erakutsi dutelako eta Gasteizko kaleetara ordena itzultzeko lan egin dutelako. Era berean, gure elkartasuna adierazi nahi diegu zauritutako ertzainei, bai eta erradikal horiek eragindako istiluen ondorioz, era bateko edo besteko kalteak jasan dituzten pertsonei ere”.
Ordu hauetan, Gasteizko gertakari larriak argitzeko ikerketak zabalik jarraitzen du, eta Ertzaintzak ez du baztertzen atxiloketa gehiago egitea.