Torres Lehendakariordeak belaunaldi erreleboaren, talentuaren eta aniztasunaren aldeko apustua egin du, enpresa lehiakortasunaren motore gisa

0
  • Pertsonak erabakien erdigunean jartzearen garrantzia azpimarratu du, eta eskatu du ikuspegi partekatu bat eraikitzeko, “plangintzarekin, elkarrizketarekin eta laguntzarekin”, “enplegu egonkorrak, baldintza duinak eta ingurune inklusiboak” eskaintzeko
  • Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailak 675.000 lan aukera aurreikusten ditu datozen hamar urtetan

Belaunaldi erreleboaren, talentuaren eta aniztasunaren aldeko apustua egin du Mikel Torres Lehendakariordeak eta Ekonomia, Lan eta Enplegu sailburuak, empresa lehiakortasunaren motore gisa. “Enpresek belaunaldien arteko lankidetza sustatzen dutenean, esperientzia energiarekin, zuhurtziarekin eta sormenarekin uztartzen dute, eta, hortaz, erakundeak berak, enpleguak eta herrialdeak irabazten dute”, nabarmendu du gaur, astelehena Bilbon, Euskalit Kudeaketa Aurreratuaren Astearen irekiera ekitaldian.

Haren hitzaldian, Torresek azpimarratu du garrantzitsua dela “pertsona jartzea erabakien erdigunean, enpresaren erdigunean, ez baitago lehiakortasunik eta berrikuntzarik pertsonarik gabe, ezta etorkizunik ere pertsona horien erreleborik gabe”, eta gogorarazi du 2030 Euskal Enplegu Estrategiak “horizonte argia” ezartzen duela: “Kalitatezko enplegu inklusibo eta iraunkorra bultzatzea, ongizate kolektiboaren eta herrialdearen lehiakortasunaren oinarri gisa”.

Ildo horretan, Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailak sustatutako ekimenak nabarmendu ditu; hala nola,  ‘Belaunaldien arteko aliantza bat, adina eta belaunaldien arteko erreleboa kudeatzeko’ proiektua eta Lan Mentoring, Errotzea eta Morrokotudak programak, belaunaldien arteko integrazioa, berdintasuna eta ezagutzaren transferentzia sustatzen dutenak.

Torres Lehendakariordea haratago doa, eta uste du “aurre egin beharreko erronkak ez direla enpresarialak soilik, sozialak eta kulturalak ere badirela”. Horregatik, “belaunaldi erreleboaren balioari buruzko ikuspegi partekatua” eraikitzeko beharra agertu du, “ulertu behar baita bizi etapa bakoitzak zerbait desberdina dakarrela eta belaunaldien arteko bizikidetza ustiatzeko dagoen aktibo bat dela, ez zama bat”, eta, aldi berean, azpimarratu du belaunaldi erreleboa ez dela “inposatzen, eraiki egiten dela, plangintzarekin, elkarrizketarekin eta laguntzarekin”.

“Euskadin talentua, esperientzia eta gogoa duten pertsonak ditugu, baina batzuetan, hainbat arrazoirengatik, lan merkatutik kanpo daude: 50 urtetik gorako pertsonak, migratzaileak, etendako ibilbideak dituzten emakumeak. Ekoizpen sarean erabat txertatzea ere bada erreleboa egiteko modu bat”, baieztatu du Torresek.

Gainera, Lehendakariordeak eskatu du erreleboa aurreratzeko, ezagutzaren transmisioa sistematizatzeko eta ibilbide guztiak balioetsiko dituen eta malgutasuna eta prestakuntza sustatuko dituen enpresa kultura eraikitzeko, “enplegu egonkorrak, baldintza duinak eta ezberdintasuna balioetsiko duten ingurune inklusiboak eskaintzeko gai izateko, horrela bakarrik erakarri, atxiki eta garatu ahal izango baitugu talentua, lurralde guztiak gaitasun berengatik lehiatzen diren testuinguru globalean”.

Bestalde, euskal lan merkatuaren martxa ona eta enpresek eta erakundeek lanpostu jakin batzuk betetzeko dituzten zailtasunak aztertu ditu Francisco Pedraza Lanbideko zuzendari nagusiak. Halaber, Euskadiko lan prospektiba bat egin du Lanbidek, eta datozen 10 urtetan 675.000 lan aukera aurreikusten dituzte: 112.480 enplegu berri eta 562.533 ordezkapenagatik edo erretiroagatik.

Horregatik, berretsi du Lanbidek pertsonei zein enpresei zerbitzu integrala ematen jarraitzeko duen konpromisoa. Konpromiso hori hainbat jarduera ildoren bidez gauzatzen da: laneko bitartekotza eta prospekzio zerbitzuak; ekintzailetzari laguntzea eta enpresa proiektu berriak sendotzea; enpresa aholkularitza kontratazioari, lan merkatuari, laguntzen kudeaketari edo kontziliazioari buruzko gaietan; eta enplegua sustatzea kontrataziorako laguntza programen bidez. Horien artean, honako ekimen hauek nabarmentzen dira: Lehen Aukera, Gazte Bermea, ALPES, +50, +45, Lan Mentoring, errelebo kontratua eta desgaitasuna duten pertsonentzako programak.

Sei ardatz nagusi

“Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailetik jarraitu nahi dugun bidea da lehiakortasuna eta kohesioa, efizientzia eta ekitatea, eta berrikuntza eta gizatasuna batzen dituen garapen eredua”, adierazi du Torres Lehendakariordeak. Paradigma aldaketa horri ekiteko, zuzentzen duen sailak, Lanbiderekin batera, sei ardatz nagusi identifikatzen dituen txosten bat egin du.

Erakarpen sektoriala da lehenengoa, lanbide eta sektore tradizionalak belaunaldi berrientzat aukera desiragarri eta aintzatetsi bihurtzea bilatzen duena. Lanpostuen eraldaketa da bigarren ardatza, enpleguak merkatuaren beharrizan berrietara eta digitalizaziora egokituz, erreleboa pertsonak ordezkatzean ez ezik profil profesionalak bilakatzean datzala ulertuta.

Elkarrizketa soziala da hirugarren ardatza, irtenbide partekatu eta iraunkorrak eraikitzeko biderik onena. Laugarrena, pertsonen eta aniztasunaren kudeaketa, empresa lehiakortasunaren funtsezko elementua da. Bosgarren ardatza ezagutzaren kudeaketa da, esperientzia galtzea saihesteko eta berrikuntza bihurtzeko.

Azkenik, enpleguaren kalitatea da seigarren ardatza, aurreko guztiak zeharkatzen dituena eta oinarri duena ongizate kolektiboa eta talentua erakartzeko, atxikitzeko eta garatzeko gaitasuna ingurune global lehiakor batean. “Erreleboa planifikatzea ez da administrazio lana, apustu estrategikoa da. Etorkizuna zaintzea da aurrea hartzea”, defendatu du Torres Lehendakariordeak.