Osakidetzak estaldura zaileko EPE berri eta hobetua jarriko du abian 2026an, premia gehien duten eremuetan osasun-arreta indartzeko

0
  • Lore Bilbao zuzendari nagusiak eta Josune Retegi Giza Baliabideen zuzendariak agerraldia egin dute gaur goizean Legebiltzarrean, kontratazio-zerrenden kudeaketaren berri emateko
  • Osakidetzak 118.000 kontratu baino gehiago izapidetu ditu urtebetean eta % 0,69 baino ez dira izan intzidentziak, guztiak konponduta. «Sistema sendo, fidagarri eta etengabe hobetzen ari den baten aurrean jartzen gaituzten datuak dira»

Osakidetzak iragarri du 2026an egingo duela estaldura zaileko bigarren Enplegu Publikorako Eskaintzaren (EPE) deialdia. Ekimen horren helburua da osasun-taldeak egonkortzea premia handiena duten eremu eta espezialitateetan, lurralde osoan arreta publikoa indartzeko. Deialdi berri hori familia-medikuen eta pediatren elkarte zientifikoei entzuteko prozesu baten emaitza izango da, eta euskal osasun-sistemako enplegu publikoaren modernizazio- eta eraginkortasun-estrategiaren barruan sartzen da.

Hala baieztatu du gaur goizean Lore Bilbao Osakidetzako zuzendari nagusiak Legebiltzarreko Osasun Batzordean, Josune Retegi Giza Baliabideen zuzendariarekin batera. Bilbaok nabarmendu duenez, EPE hau beste urrats bat da «Osakidetzak enpleguaren kalitatearekin eta osasun-sistema publikoaren jasangarritasunarekin duen konpromisoan». Zuzendari nagusiaren hitzetan, «Osakidetzak urrats irmoz egiten du aurrera, erronka bakoitzari profesionaltasunez aurre eginez eta egunero bere kudeaketa-prozesuak hobetuz, onena nahi baitugu gure profesionalentzat eta, batez ere, sistemaren erdigunean dauden gure pazienteentzat».

Kudeaketa- eta kontratazio-sistema modernizatzea

Agerraldian, Lore Bilbaok eskertu egin du «Ganbera honetan agertzeko aukera, Osakidetzako kontratazio-zerrenden kudeaketari erantzuna emateko», eta azpimarratu duenez, «erakunde konplexu baina, aldi berean, serio baten ezaugarri diren konfiantzarekin eta konpromisoarekin egiten dugu, egunero lan egiten baitu euskal herritarrek merezi duten enplegu publikoaren eta osasun-arretaren kalitatea bermatzeko».

Azken urteotan, Osakidetzak hainbat EPE kudeatu ditu (2016-2017, 2018-2019, 2020-2021-2022 (egonkortzeko eta arrunta, 2025eko estaldura zaileko EPEaz gain), milaka eskaerarekin, kontratazio-prozesuen digitalizazioan eta eraginkortasunean aurrera eginez. 2024an, Kontratazioaren Kudeaketa Integraleko Sistema berria ezarri zen, SAP plataforman oinarritua, aldi baterako langile guztien kudeaketa bateratu, digitalizatu eta gardena ahalbidetzen duena.

Bilbaoren arabera, 118.000 kontratu baino gehiago izapidetu dira urtebetean, eta % 0,69 baino ez dira izan intzidentziak, guztiak konponduta. «Sistema sendo, fidagarri eta etengabe hobetzen ari den baten aurrean jartzen gaituzten datuak dira».

Egonkortasunarekiko eta talentuaren fidelizazioarekiko konpromisoa

2026ko estaldura zaileko EPE berria Euskadiko Osasun Itunean jasotako neurrien multzo baten parte da, pertsonen politikaren ildo estrategikoaren barruan. Ildo horrek atxikipena, leialtasuna eta lidergo profesionala sustatzen ditu, plantillak egonkortzeko eta zerbitzu publikoen jarraitutasuna bermatzeko.

«Gure helburuetako bat hautaketa- eta hornidura-sistema bat diseinatzea da, plantilla egonkortzeko eta talentua fidelizatzeko, gure sisteman kontratu estrategiko egonkorrak dituzten profesionalak lehenetsita», adierazi du Bilbaok.

Gainera, zuzendari nagusiak azaldu duenez, giza baliabideen kudeaketan eraldaketa digitala bultzatzen jarraituko da, web-tresna integratuen zein mugikorren bidez, eta adimen artifizialeko sistemak erabilita, prozesuak optimizatzeko eta burokrazia murrizteko.

Konformatzen ez den erakundea

Osakidetzak 45.000 langile baino gehiago ditu, eta urtean 120.000 kontratazio inguru kudeatzen ditu. Prozesu hori guztia «sindikatuekin lortutako akordioen bidez egiten da, eta horiekin bat gatoz: herritarrei bikaintasunezko osasun-sistema publikoa eskaintzea».

«Osakidetza ez da konformatzen den erakundea», esanez amaitu du Bilbaok. «Funtsezko zerbitzu publikoa gara, erronka bakoitzetik ikasten duena, aurrerapenak sendotzen dituena eta konpromisoak betetzen dituena».

Estaldura zaileko 2026ko EPE berria, zuzendari nagusiaren arabera, «euskal osasun-sistema gizatiarragoa, berritzaileagoa eta eraginkorragoa eraikitzen jarraitzeko aukera izango da, egungo eta etorkizuneko eskaerei erantzuteko prestatua».