Hurtado sailburua: “Jasangarritasun sozialak izan behar du gure turismo-ereduaren bidea, ez helmuga”

0

Javier Hurtado Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuak Jasangarritasun Sozial Turistikoaren Kongresua inauguratu du gaur Donostiako Kursaalen. Kongresu hori Europar Batasunak finantzatzen du Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren baitan eta, bertan, dimentsio soziala aldarrikatu du turismoaren funtsezko zutabe gisa.

Hurtado sailburuak azpimarratu du Euskadin jasangarritasuna ez dela helburua izan behar, bidea baizik. “Turismo jasangarriaz ari garenean, eredu horrek irabaziak komunitatean eragina izatea, ingurumenean eta tokiko kulturan gutxieneko inpaktua sortzea, eta bidezkoa, inklusiboa eta errespetuzkoa izatea behar du”, adierazi du.

Sailburuak bereziki nabarmendu du jasangarritasunaren dimentsio soziala, eta enpleguarekin zuzenean lotu du. “Turismoa 110.000 familiaren euskarria da Euskadin, eta gure ekonomiaren enpleguaren % 11 da hori. Kalitatezko zerbitzuak nahi baditugu, kalitatezko lanpostuak sustatu behar ditugu. Turismo etikoaren aldeko apustua egiten badugu, lanpostu duinak, aukera-berdintasuna eta tokiko komunitateek turismoak euren bizitza hobetzen duela sentitzea bermatu behar dugu”, esan du.

Ildo horretan, Eusko Jaurlaritzak bultzatutako ekintzak nabarmendu ditu, hala nola Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailarekin sinatutako lankidetza-hitzarmena, Lanbideren bitartez, turismo-sektorerako Gaitasun Digitalen prestakuntza-programa garatzeko. “Aktiboki ari gara lanean prekarietateari aurre egiteko eta profesionalen etorkizuna ziurtatzeko, Lanbide Heziketa, Heziketa Dualeko programak eta etengabeko trebakuntza indartuta”, gaineratu du.

Lan-egoera positiboaren erakusgarri gisa, sailburuak iraileko enpleguaren datuak aipatu ditu. Datu horiek adierazten dutenez, urte batetik bestera % 6,1 hazi dira kontratu mugagabeak. Funtsezko sektoreek, ostalaritzak adibidez, susperraldi handia izan dute, eta kontratu finkoak % 37 izan dira, batez bestekoa baino askoz handiagoa.

Era berean, Euskadiko Turismoaren Kode Etikoa eta horren urrats ausart eta aitzindaria nabarmendu du —NBEren bermea du—, eta dagoeneko 850 euskal erakunde baino gehiago atxiki dira, publikoak zein pribatuak. “Kode hori atxikimendua baino askoz gehiago da: prestakuntza, auditoria eta etengabeko konpromisoa ere behar ditu. Kodeak dioenez, turismoan denak ez du balio; turismo arduratsua nahi dugu, gure kultura errespetatzen duena, elkarbizitza sustatzen duena eta garena babesten duena”, adierazi du.

Amaitzeko, sailburuak esan du Kongresuaren bidez jasangarritasun sozialari, joera teknologikoei eta ekintzailetzarako aukeren integrazioari buruz eztabaidatuko dela, jasangarritasunarekin eta erantzukizunarekin konprometitutako sektorearen lanari balioa emateko.

Bestalde, Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako diputatu Azahara Domínguezek adierazi duenez, «jasangarritasuna da Gipuzkoako turismo-estrategiaren ardatza, alderdi guztietan, ingurumenari, ekonomiari eta gizarteari dagokienez». «Eredu jasangarri baten aldeko apustua eginez bakarrik lortuko dugu gure etorkizuna bermatzea. Horregatik, Turismoko Plan Estrategiko berriarekin, gure ingurunearen zaintzan ez ezik, lurraldean bizi garen eta turismo-jarduera ahalbidetzen duten pertsonen zaintzan ere jartzen dugu arreta», adierazi du.

Ildo horretan, «kalitatezko enplegua» sortzearen garrantzia azpimarratu du, eta gogorarazi du Gipuzkoa aitzindaria izan dela bi hitzarmenekin, ostatuena eta ostalaritzarena, «jarraitu beharreko bidea markatzen digutenak». Gainera, azpimarratu du funtsezkoa dela prestakuntza sustatzea, horrek ahalbidetzen baitu sektore «profesionalizatua, talentua lurraldean atxikitzeko aukera emango diguten baldintza duinekin» izatea.