Eusko Jaurlaritzak Euskadiko arrantza-guneen garapen jasangarrirako laguntzen 2025eko deialdia onartu du

0
  • Laguntza hauen helburua da jarduera dibertsifikatzera bideratutako arrantza-sektoreko proiektuei zein ekonomia urdinaren esparruan daudenei laguntzea
  • Laguntza horietarako aurrekontua, guztira, hiru milioi eurokoa da

Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailak Euskadiko arrantza-guneen garapen jasangarrirako laguntzak deitu ditu. Laguntza horiek 2021-2027 aldirako Europako Itsas, Arrantza eta Akuikultura Funtsaren baitakoak dira.

 “Euskadiko kostaldeko herrien garapen jasangarria bultzatzeko palanka dira laguntza hauek. Neurri honek herri hauek suspertzeko balio du, berrikuntzan, enpleguan eta arrantza-sektorearen dibertsifikazioan inbertituta” ziurtatu du Amaia Barredo sailburuak.

Laguntzak hiru ildo nagusitan banatzen dira. Batetik, inbertsio produktiboetara bideratutakoak. Enpresa eta negozio-lerro berriak sortzea, abiaraztea eta hasieran funtzionatzea dute helburu, eta lehentasuna emango zaie arrantza-sektorearen jarduera dibertsifikatzen duten ekimenei, bai eta arrantza-udalerrietako ekonomia urdina bultzatu eta handitzea helburu dutenak ere.

Bestetik, lanpostuak sortzera bideratutakoak. Lerro honen helburua da arrantza-sektorearen dibertsifikazio-jardueretan edo ekonomia urdinari lotutako jardueretan langileak kontratatzea eta lan autonomoa sustatzea.

Azkenik, inbertsio ez-produktiboetara bideratutako laguntzak daude. Barne hartzen dituzte jarduera ekonomiko baten hasiera edo garapena ez diren jarduerak, hala nola, ikerketa zientifikoak, arrantzaren kontsumoa sustatzeko kanpainak, itsas eta arrantza ondarearen zabalkundea eta balioespena, prestakuntza, eraginkortasun energetikoa eta trantsizio digitala, besteak beste.

Proiektuak GALP Itsas Garapen Elkarteak kudeatzen duen EDLP estrategiaren barruan dauden arrantza-udalerrietan garatu beharko dira. Hauek dira udalerri horiek: Bermeo, Mundaka, Ondarroa, Getaria, Mutriku, Berriatua, Elantxobe, Orio, Hondarribia, Pasaia, Zumaia, Lekeitio, Lemoiz, Zierbena, Santurtzi, Plentzia eta Donostiako arrantza-portua.

Zuzkidura osoa 3 milioi eurokoa da; FEMPAk eta Euskadiko Aurrekontu Orokorrek batera finantzatu dute, eta 2025 eta 2026 artean banatuko da. Hala ere, inbertsioak 2025. urtean hasi beharko dira, eta 2025eko urtarrilaren 2tik aurrera aurkeztutako eskaerak onartuko dira.