- Laguntza horiek ekoizpen-, eraldatze- eta merkaturatze-egitura berriak finkatzea dute helburu, elikagaien ekoizpena kalitate ziurtatuko erregimenen pean indartzen dute eta gazteak sartzea ahalbidetzen dute.
- Azpisektore jakin batzuei laguntzak ematea planteatzen da, lanean hasteko apustua egiten duten edo nekazaritza-jarduera dibertsifikatu nahi duten ekintzaileei laguntzeko.
Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailak 2025. urterako nekazaritzako azpisektorearen dibertsifikaziorako laguntzen deialdia egin du, kalitateari edo ekoizpen-eraldaketari lotutako berrikuntzaren baitan. Dirulaguntza jaso dezaketenen artean, besteak beste, hazitarako patata dago, Euskadiko nekazaritzako elikagaien katean funtsezkoa delako. Horrela, Eusko Jaurlaritzak laborantza hori sektorearen laguntzarekin berreskuratzeko apustu argia egiten du.
“Patata funtsezko produktua da gure gastronomiarentzat. Arabak baldintza ezin hobeak ditu patata ekoizteko, bai ereiteko eta kontsumitzeko; hainbat propietate bateratzen dira, hala nola kalitatea eta landare-osasuna. Laguntza hauen bidez, Laguntza hauen bidez, ekoizpena suspertu nahi dugu, sektorearen balio erantsia eta etorkizunerako errentagarritasuna hobetuta”, azpimarratu du Amaia Barredo sailburuak.
Laguntza horiek eskuratu ahal izateko, hazitarako patata ekoizten duten pertsonek, ezarritako baldintza orokorrak betetzeaz gain, 2025ean barietate babestuen ziurtagiria duen hazitarako patataren hektarea bat gutxienez landu beharko dute, laborantzan prestakuntza espezializatua dutela egiaztatu beharko dute eta Euskadin baimendutako ekoizlea den erakunde batekin hitzarmena sinatu beharko dute.
Aginduak bi laguntza-ildo biltzen ditu, eta bateragarriak izango dira, ustiategi bakoitzeko 110.000 euroko mugarekin.
Lehenengo ildoa ekoizpen-jarduera garatzen lagunduko duten inbertsioak ordaintzeko da; adibidez, fitosanitarioen erabilera murriztera bideratutako edo biltzeko makinak erosteko. Proiektu bakoitza gehienez 70.000 eurorekin lagundu ahal izango da diruz.
Bigarren ildoak nekazaritzako jarduerak abiarazten lagunduko du, gehienez 40.000 eurorekin, edo ekoizpen-ahalmena handitzen, 35.000 euroko mugarekin. Bigarren ildo horretan sartzeko, hazitarako patataren ekoizleek enpresa-plan bat aurkeztu beharko dute.
Bi ildo horietan, emakumeek, gazteek, titulartasun partekatuko erregimenari atxikitako ustiategiek edo elkarteek aurkeztutako proiektuak bultzatuko dira.
Diruz lagundu daitezkeen gainerakoak, hazitarako patataz gain, honako hauek dira: lupulu-ekoizpena, intxaurrondo- eta hurritz-plantazioak, ahuntz-esnea, trufa, hotzean prentsatzeko olio-landareak giza edo animalien elikadurarako, olibadia, mahairako sagarra, fruitu gorriak eta kirol-zaldia.