Gobernu Kontseiluak 120.000 euroko dirulaguntza onartu du laguntza humanitarioa Sahelen (Afrika) lokalizazioa bultzatzeko. eLankidetza-Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziak laguntza emango die Euskadiko Asamblea de Cooperación por la Paz / Bakerako Lankidetza Batzarrea (ACPP/BLB) erakundeari eta Nigerreko Biztanleria Zaurgarriari Laguntzeko Elkarteari (DIKO).
Proiektu hau eLankidetzaren Ekintza Humanitarioko Estrategiaren lokalizazioaren aldeko apustuaren barruan kokatzen da. Nazio Batuetako idazkari nagusiak tokiko eragileek ekintza humanitarioan betetzen duten funtsezko eginkizuna aitortu arren, tokiko erakundeei arlo humanitarioan ematen zaien zuzeneko finantzaketa oraindik eskasa da. Hala, dirulaguntza honekin tokiko lidergoa indartu nahi da Saheleko laguntza humanitarioaren diseinuan eta kudeaketan.
2024an, 50.000 euroko lehen dirulaguntza eman zitzaien erakunde berberei (ACPP/BLB eta DIKO), xede-biztanleriaren aurrean partaidetza eta kontu-ematea bultzatzeko, eta Sahel eskualdean tokiko lidergo humanitariorako intzidentzia-talde bat sortzeko. Laguntzarekin inplementatutako jardueren ondoren, Saheleko bost herrialdetako bederatzi erakunde ‘Laguntza Humanitarioa Lokalizatzeko Saheliar Ekimena (ISLAH)’ delakoan egituratu ziren.
Dirulaguntza berri honekin, aurreko fasean lortutako aurrerapenetatik abiatuta lokalizazioa sustatuko duen ibilbide-orria ezarri nahi da. Horretarako, tokiko eta nazio mailako eragileek finantzaketan eta intzidentzian dituzten gaitasunak indartuko dira, baita ISLAH plataforma sendotu ere. Sare horrek bere ahotsa eramango du eskualdeko krisi humanitarioei buruzko nazioarteko sareek bultzatutako eztabaidaguneetara. Esperientzia sistematizatu egingo da, gero lan humanitarioa lokalizatzeko ikuspegiei buruzko Hegoalde eta Iparralde Globaleko ezagutza- eta elkarrizketa-guneetan partekatzeko.