Begoña Pedrosa sailburua Parisen da Euskadi Global Education Monitoring (GEM) Reporteko Aholku Batzordearen sarrera formalizatzeko. Batzorde hori hezkuntza arloko munduko erreferentzia-txostenaren muina zehazten duen nazioarteko organoa da.
Ostiralean, urriaren 17an, UNESCOren egoitzan (Parisen), Euskadi Global Education Monitoring (GEM) Reporteko Aholku Batzordean sartzeko bidea formalizatuko du Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburuak. Akordioa Stefania Giannini UNESCOko Hezkuntzako zuzendariorde nagusiarekin batera sinatuko da. Sailburua bera eta Euskadik Frantzian duen ordezkari Arantza López de Munain izango dira euskal ordezkaritzaren buru.
GEM Reporten edizio bakoitzak funtsezko gai bat jorratzen du (inklusioa, teknologia, ebaluazioa, lidergoa…). Aholku Batzordean sartzeari esker Euskadik ahotsa izango du hezkuntza-lehentasun globalak jorratzen diren espazio horretan, nazioarteko presentzia indartuko du eta eragiteko gaitasuna handiko du. Batzordean sartzeak Euskadiko hezkuntza-sistemari eskaintzen dizkion onuren artean azpimarratzekoak dira honakoak: emaitzak hobetzeko eta desberdintasunak murrizteko irizpideak sendotzea eta aurreikuspenak egiteko aukera gehiago izatea, beti ere, lehen mailako esperientzien hartu-emana oinarri hartuta. Aldi berean, akordio honek aukera emango du Euskadiren esperientzia gainerakoen aurrean partekatzeko, baita nazioarteko hezkuntza-sistemak sendotuko dituzten irtenbideei begira ekarpenak egiteko ere.
Begoña Pedrosak azaldu duenez, “Hezkuntzaren etorkizuna erabakitzen den lekuan egongo gara, ikasten, partekatzen eta baita norabidea zehazten ere, eta horri esker Euskadiko ikasleen etorkizuneko aukerak hobetu ahal izango ditugu”. Eta, gaineratu du: “Euskadi herrialde txikia da, baina anbizio handikoa eta erantzukizun globala duena: munduko erronken mailan egon nahi dugu, eta irtenbideak eman, emaitza hobeak eta hezkuntza-justizia handiagoa lortzeko”.
Batzordean sartzea bat dator Euskadiko hezkuntzaren ibilbide-orriarekin: ekitatea eta inklusioa, emaitzen hobekuntza, ikasleen ongizatea, euskara ardatz duen eleaniztasuna eta aukera berriak irekitzen dituen Lanbide Heziketa. Hori guztia, gainera, bat dator UNESCOren printzipioekin: kalitatezko hezkuntza, aniztasuna eta bizialdi osoko ikaskuntza, bai eta kultura- eta hizkuntza-aniztasuna sustatzea eta babestea ere, hizkuntza eta kultura gutxituen defentsa barne.
Bidaian zehar, Euskadiko ordezkaritzak lan-bilera bat izango du Manos Antoninis GEM Reporteko zuzendariarekin, Aholku Batzordearen funtzionamendua, hurrengo urratsak eta lan-egutegia zehazteko.
GEM Reporti buruz
UNESCOk urtero argitaratzen du GEM Report txostena, editorialki independentea dena. Txostena erreferentzia da munduan 4. GJHrako (kalitatezko hezkuntza) aurrerapenak ebaluatzeko eta hezkuntza-politikak bideratzeko. Datuak, ebidentziak eta gomendioak eskaintzen ditu, elkarrizketa publikoa, ikaskuntza eta hezkuntza-sistemen hobekuntza indartzeko.
Gaur egun Jutta Urpilainen da GEM Reporteko Aholku Batzordearen buru (Nazioarteko Elkarteen Europako komisario ohia). Aholku Batzordea arduratzen da txostena lantzen duen taldea gai hauen inguruan orientatzeaz: egutegia eta hurrengo edizioetako gaiak eta komunikazio-estrategiak. UNESCOko ordezkariak, Nazio Batuetako agentziak eta erakunde multilateralak (ELGA, Hezkuntzaren aldeko Munduko Aliantza, UNICEF edo Munduko Bankua), eskualdeko erakundeak (AEE, ASEAN, ALECSO, SADC) eta gizarte zibila (Ikasleen Mundu Foroa, Hezkuntzaren aldeko Munduko Kanpaina) biltzen ditu. Estatuz azpiko erakundeen parte-hartzea ez da oso ohikoa, eta UNESCOk bere analisien eta gomendioen “kokapena” indartzeko duen interesari erantzuten dio.
UNESCOri buruz
UNESCO 1945ean sortutako NBEren agentzia espezializatua da, nazioarteko lankidetzaren bidez bakea sustatzea helburu duena hezkuntzan, zientzietan, kulturan, komunikazioan eta informazioan. Oro har, berak du lidergoa hezkuntzarako eskubidearen defentsan eta 2030 Agendaren 4. GJHren sustapenean.