Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntzako sailburu Juan Ignacio Pérez Iglesias-ek EHUko Vitoria-Gasteizko Ingeniaritza Eskolako 2024-2025 ikasturteko graduazio ekitaldian hartu du parte gaur arratsaldean. Joxerramon Bengoetxea EHU errektorea buru izan duen ekitaldian unibertsitateko zein erakunde ezberdinetako agintariek hartu dute parte.
Gradu eta masterreko 183 tituludun berrik beren diploma jaso dute emozioz eta harrotasunez beteriko ekitaldian. Sailburuak ikasleak zoriondu ditu eta, bidelagun izan dituzten senitarteko, irakasle eta teknikariei eman dieten babesa eta laguntza eskertu die.
Graduazio ekitaldia ingeniaritzako sei gradutako eta bi masterretako ikasleek jaso dituzte diplomak. Azpimarratzekoa da gaur graduatutako ikasleen artean Adimen Artifiziala Industriara Aplikatutako eta Ordenagailuz Lagundutako Ingeniaritza Masterreko lehen promozioa dagoela.
Unibertsitateko ikasleak arazoei aurre egin eta konponbideak bilatzeko ondo prestatu daudela nabarmendu du sailburuak bere hitzaldian. Haren hitzetan, ”unibertsitateak ezagutzak transmititzeaz gain, begirada kritikoa ere sustatzen du bere irakasleek egiten duten ikerkuntzaren bidez”.
“Irakaskuntzaren eta ikerketaren arteko lotura horrek” , azpimarratu du, ”ikasleen prestakuntza aberasten du, pentsamendu kritikoa eta irtenbide berritzaileak proposatzeko gaitasuna bezalako trebetasunak garatzen laguntzen baitie, erronka profesional eta sozialei aurre egiteko prestatuz”.
Gainera, sailburuaren hitzetan, “aurrerakuntza teknologikoak eraginkortasuna eta lehiakortasuna sustatzen ditu, baina hori bakarrik bihurtuko da gizartearentzako ongizatean baldin eta teknologia modu inklusiboan erabiltzen baldin bada, mundu guztiaren onuraren alde eta ez bakarrik boteredunen alde. Horretarako erabaki zuzenak hartu behar dira eta erabakiak hartzeko unean, ingeniarien jarrera oso garrantzitsua da”.






