Donostiako alkateak eskerrak eman dizkie migratzaileei euskara ikasteko ahaleginagatik

0

Jon Insausti Esperanza Latina Elkartean izan da, Euskararen Nazioarteko Eguna dela eta, AISA programaren baitan antolatzen dituen eskoletako bat partekatzeko

Donostiako alkate Jon Insausti Aiete auzoko Esperanza Latina Elkartearen egoitzan izan da Euskararen Nazioarteko Eguna dela eta. Bertan, AISA programaren baitan euskara ikasten duten hiritarrei eskerrak eman dizkie euren ahaleginagatik. Migratzaileei bideratutako harrera ikastaro batera bertaratu da alkatea, eta eurekin partekatu saioa.

Insaustik azpimarratu duenez, «garrantzitsua da gure hirira bizi-proiektuak garatzera datozenek euskara ikasteko eta maitatzeko aukera izatea, euskaldunok oro har eta donostiarrok bereziki egiten dugun bezala».

AISA programaren baitan, Urrats Euskaltegiaren eskutik, astero Aiete pasealekuko lokal horretara joaten diren Latinoamerikako hainbat tokitatik hirira etorritako hamar bat lagunekin partekatu ahal izan du alkateak topaketa hau.

Jon Insaustik eskerrak eman dizkie «hizkuntzarekin duzuen inplikazioagatik eta zuen ikaskuntzan urrats hori egiteko ahaleginagatik, kulturartekotasuna aberasteko modu bat ere badelako. Eredu zarete, zalantzarik gabe, eta baita partekatzeko zortea dugun hizkuntza honen etorkizunaren parte ere».