García Chueca: «Pertsonak beren bizi-proiektuak aukera-berdintasunean garatzeko behar dituzten eskubideetara eta zerbitzuetara hurbildu nahi ditugu»

0
  • Green Urban Mobility foroan, sailburuak nabarmendu du herritarrek Arabako aldiriko tren-zerbitzu berriaren aurrean emandako erantzuna; zerbitzu horren erabilera % 45 igo da zerbitzua martxan jarri eta sei hilabeteko epean
  • Mugikortasun Jasangarriaren Saileko arduradunak iragarri du datozen asteetan lizitatuko direla Gasteizko tranbia Zabalgana auzora luzatzeko obrak

 

Mugikortasun Jasangarriaren sailburu Susana García Chuecak, bere sailak antolatutako Green Urban Mobility bigarren foroaren irekiera-ekitaldian, garraio publikoak lurraldearen eta gizartearen kohesioa sustatzeko duen funtsezko eginkizuna nabarmendu du, berotze globalaren kausei aurre egiteko duen garrantzi handiaz gain. » Pertsonak beren bizi-proiektuak aukera-berdintasunean garatzeko egunerokoan behar dituzten eskubide eta zerbitzuetara hurbildu nahi ditugu», adierazi du Gasteizko Europa Jauregian egindako jardunaldian.

Ildo horretan, García Chuecak nabarmendu nahi izan du herritarrek erantzun ona eman diotela Arabako garraio publikoko zerbitzuak indartzeko Sailak egindako apustuari. Hala, lehen sei hilabeteen ondoren, Arabako Lautadako aldiriko trenen zerbitzu berriaren erabilera % 45 igo dela —aurreko urteko aldi berarekin alderatuta (ekaina-azaroa)— jakinarazi du; guztira 141.111 bidaiarik erabili dute.

Gainera, Euskotrenek 47 milioi bidaiari baino gehiago zenbatu ditu Euskal Autonomia Erkidego osoan urtarriletik urrira bitartean, iazko aldi berean baino % 6 gehiago; gehienak trenen eta tranbien erabiltzaileak izan dira. Sailburuak «etorkizun oparoa» aurreikusi die zerbitzu horiei: «Urrutira joan gabe, datozen asteetan Gasteizko tranbia Zabalgana auzora luzatzeko lehen zatia eraikitzeko obrak lizitatuko ditugu. Beste urrats erabakigarri bat orain arte izan den anbizio handieneko zabalkuntzarantz». Arabako hiriburuko tranbiak, dagoeneko, 9,7 milioi bidaiari erregistratu ditu aurtengo urrira arte, eta iazko zifra onenak gainditu ditu.

Mugikortasunak gizarte eta lurralde-kohesioan duen eraginari buruz, Gasteizko alkateak gogorarazi du bere hiria “aitzindaria” dela eta “jasangarritasunaren erreferentzia” dela Europa osoan, baina, aldi berean, uste du garraio publikoa funtsezkoa dela “aukerak orekatzeko”. “Mugikortasun jasangarria unibertsala, bidezkoa eta herritarren beharrei erantzuten diena da, haien errenta, egoera fisikoa edo bizilekua edozein dela ere”, esan du Maider Etxebarriak.

Jardunaldian, karbonogabetzeak eta Euskadira abiadura handia iristeak ekarriko duen paradigma berriaz ere hitz egin da. “Beste une batzuetan galdu dugun denbora irabazten ari gara”, esan du José Antonio Santano Garraio eta Mugikortasun Jasangarriaren estatu-idazkariak. Abiadura handia “laster errealitate bat izango da”, esan du, eta azken urteetan azpiegituraren eraikuntzaren inguruan egin diren aurrerapenak nabarmendu ditu, “2024an 10.000 milioi eurotik gorako inbertsio errekorra eginez” Euskal Autonomia Erkidegoan, Ministerioaren aldetik, % 60 trenbidearen eraikuntzara bideratu baita.

Azkenik, Green Urban Mobility jardunaldiaren bigarren edizioaren beste gai nagusiak digitalizazioaren agerpena eta hiri-garraioko sareen diseinu eta kudeaketarako horrek suposatzen duen iraultza izan dira. Jardunaldian, besteak beste, Budapesteko Garraio Zientzien Institutuko ikertzaile Vilmos Oszter-ek eta Euskal Herriko Unibertsitateko irakasle Unai Martinek —Soziologian eta Ikerketa Biomedikoan eta Osasun Publikoan doktore— hartu dute parte. Horiez gain, Bartzelonako lehen alkateorde Laia Bonet-ek eta Arabako Mugikortasun Jasangarriaren eta Bide Azpiegituren foru diputatu Jon Nogalesek ere hartu dute parte.