Torres lehendakariordeak enpleguaren sendotasuna eta euskal ekonomiaren hazkunde iraunkorra azpimarratu ditu, azaroko datuen eta hirugarren hiruhilekoko kontuen ostean

0

Mikel Torres Ekonomia, Lan eta Enplegu sailburu eta lehendakariordeak “positibotzat” jo ditu gaur Euskadiko lan-merkatuari eta bilakaera ekonomikoari buruz ezagutu diren azken datuak. Datu horiek baieztatzen dute Euskal Autonomia Erkidegoak “hazkunde sendoa eta egonkorra” duela, nahiz eta nazioartean ziurgabetasun komertziala, tentsio geopolitikoak eta Europako bazkide nagusietako batzuen hauskortasuna nagusi diren.

“Euskadi sendotasunez eta konfiantzaz doa Aurrera”. Torresek nabarmendu duenez, “azken datuek gure ekonomiak hazkunde egonkor eta orekatua mantentzen duela baieztatzen dute, baita nazioarteko testuinguru konplexu batean ere”.

“Lan-merkatuak sendotasuna erakusten jarraitzen du: langabeziak % 1 baino gehiago egin du behera, kontratazio mugagabeak pisua irabazi du, eta Gizarte Segurantzako afiliazio-errekor historiko berri bat lortu dugu, 1.036.000 kotizatzaile baino gehiagorekin; hirugarren hiruhilekoan 13.000 lanpostu sortu dira. Horrek guztiak gizarte dinamikoa islatzen du, kalitatezko enplegua eta aukerak sortzeko gai dena, baita gazte eta emakumeentzat ere”, adierazi du sailburuak.

Ekonomiari dagokionez, Torres lehendakariordeak azpimarratu duenez, “BPGa tinko hazten ari da, % 2,3 hirugarren hiruhilekoan, eraikuntzak, zerbitzuek eta barne-eskari sendoak bultzatuta. Industriaren sektoreak ere joera aldatu du, eta %0,2 hazi da; manufakturek, berriz, %0,3 egin dute gora. Kopuru apalak dira, baina garrantzitsuak, aurreko hiruhilekoko atoniaren ondoren. Kontsumoak eta inbertsioak funtsezko motor izaten jarraitzen dute, gure etorkizunarekiko konfiantza sendotzen duen aurrerabide-bide bat sendotuz”.

“Euskadik erakusten du posible dela egonkortasunarekin aurrera egitea, enplegua sortzea eta ekonomia indartsu eta lehiakor bati eustea. Lanean jarraituko dugu ibilbide hori sendotzeko eta herritar guztientzako garapen jasangarria eta kalitatezkoa bermatzeko”, amaitu du.