Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Erakundeetako (BGAE) bazkideek erretirorako beren inbertsioak bideratzeko moduan paradoxa deigarria ikus daiteke. Finantza-teoria argia eta oso onartua da: denbora-horizontea zenbat eta luzeagoa izan, orduan eta gaitasun handiagoa izango da hegakortasuna onartzeko eta, hala, errenta aldakorrean inbertitzeko —historikoki, aktibo horrek errenta finkoak baino emaitza hobeak eman ditu, epe ertain eta luzera aztertzen denean—.
Hala ere, Euskadiko BGAEen inbertsio-orientazioari buruzko datu berrienek erakusten dute logika hori ez dela beti betetzen. Izatez, adin handieneko pertsonek dute, proportzioan, errenta aldakorrarekiko esposizio handiagoa, eta gazteenek estrategia kontserbadoreagoak aukeratzen dituzte.
Euskal Autonomia Erkidegoko Gizarte Aurreikuspen Osagarriaren Behatokiak bildutako informazioaren arabera, errenta finkoak nagusi izaten jarraitzen du BGAEen inbertsio-egituran. Aurreikuspen-planen ondare osoaren erdia, gutxi gorabehera, horrelako aktiboetan dago, bereziki enplegu-planetan —plan horietan arrisku ertaineko profila du gehiengoak, argi eta garbi—.Aukera gehiago eskaintzen duten plan indibidualetan ere, zorro zuhur edo moderatuetan metatzen da inbertsioa, eta errenta aldakor zuzenaren presentzia mugatua da.
Datuak adin-tarteen arabera aztertzen direnean, portaera bereziki adierazgarria da. Erretiroa hurbiltzen den heinean, pertsonek beren inbertsioen arriskua murriztea eta, hala, metatutako kapitala babestea logikoa den arren, datuek erakusten dute 36 urtetik beherakoak ez direla beren denbora-muga luzeak eskaintzen dien abantaila erabat aprobetxatzen ari. Gazte gehienek errenta finko mistoko planak dituzte, hain zuzen errenta aldakorraren esposizioa % 30era iristen ez diren planak. Gutxiengo batek soilik aukeratzen ditu errenta aldakorrera argi eta garbi bideratutako estrategiak. Historikoki, kolektibo horren ehuneko txiki batek soilik egin du arrisku handieneko aukeren alde, nahiz eta azken ekitaldian ehuneko hori zertxobait gora egin duen. Igoera horrek, ordea, ez du profil kontserbadoreen nagusitasuna aldatzen.
Portaera hori ez dator bat adin handieneko taldeen portaerarekin, azken horiek presentzia handiagoa baitute errenta aldakorreko zorroetan —termino erlatiboetan—.Horren ondorioz, inbertsio-orientazioan belaunaldien arteko aldeak espero zitezkeenak baino txikiagoak dira, eta gazteek eta erretirotik gertu dauden pertsonek inbertsio-eredu oso antzekoak dituzte.
Eskuragarri dauden datuek, beraz, adierazten dute behar-beharrezkoa dela gizarte-aurreikuspenaren arloko finantza-informazioa eta -hezkuntza indartzea, bereziki gazteenen artean. Denbora-horizontearen, arriskuaren eta errentagarritasunaren arteko erlazioa modu errazean azaldu behar zaie, eta inbertsio-estrategia aldian behin berrikus dadin sustatu behar da. Hori lagungarria izan daiteke, epe luzerako aurrezki-helburuekin bat datozen erabakiak hartzeko.
Gizarte-aurreikuspen osagarria etorkizuneko ongizatearen funtsezko zutabea da. Erretirorako aurrezkia gaur nola inbertitzen den ulertaraztea eta teoriaren eta praktikaren arteko inkoherentziak hautematea funtsezkoa da BGAEek beren funtzioa betetzen jarraituko dutela bermatzeko. Gazteen inbertsio-orientazioaren gaur egungo paradoxa ez da datu estatistiko hutsa: informazioa, produktuen diseinua eta finantza-kultura hobetzeko deia da, hurrengo belaunaldientzat etorkizun sendoagoa eta orekatuagoa ziurta dadin.
Eusko Jaurlaritzak, eta, zehazki, Finantza Politikako eta Gizarte Aurreikuspeneko Zuzendaritzak, Euskal Autonomia Erkidegoko Gizarte Aurreikuspen Osagarriaren Behatokia jarri zuen abian 2022an, pentsioen eta aurreikuspen osagarriko sistemen, hala nola BGAEen, egoera monitorizatze eta aztertze aldera. Horren bidez, bilakaeraren ikuspegi globala bermatu nahi da, eragileen arteko hausnarketa sustatu nahi da eta aldaketak aurreikusi nahi dira. Horretarako, arreta jarriko zaie zahartzeari eta etorkizuneko pentsioen nahikotasunari, eta euskal pentsioen etorkizun hobe baterako informazioa eta hausnarketa sustatuko da.






