Bizkaiko sagardo denboraldia abiatu da Amorebieta-Etxanoko Uxarte sagardotegian

0
  • Eusko Jaurlaritzako Elikagaien Kalitate eta Sustapeneko zuzendariak, Nora Beltrán de Otalorak, denboraldiaren irekieran parte hartu du, sektorearen eta Euskal Sagardoa markaren garrantzia azpimarratuz
  • Sagardoa tradizioa eta kalitatea uztartzen dituen erreferentziazko produktua da, eta Eusko Jaurlaritzatik haren sustapena eta jasangarritasuna bultzatzen jarraituko dugu” azpimarratu du Beltrán de Otalorak

Amorebieta-Etxanoko Uxarte sagardotegiak sagardo denboraldiaren hasiera ekitaldia ospatu du gaur goizean. Bertan, ekoizleak, sektoreko eragileak eta erakundeetako ordezkariak bildu dira. Eusko Jaurlaritzako Elikagaien Kalitate eta Sustapeneko zuzendariak, Nora Beltrán de Otalorak, sagardoak Euskadiko produktu enblematiko gisa duen balioa azpimarratu du, baita Euskal Sagardoa jatorri-deiturak identitatearen, kalitatearen eta jatorriaren berme gisa duen garrantzia ere.

Euskal Sagardoa izendapenak ez du soilik gure sagardoaren benetakotasuna eta kalitatea bermatzen; euskal ekoizleen lana, tradizioa eta berrikuntza ere aitortzen ditu. Eusko Jaurlaritzatik sektore hau babesten jarraitu nahi dugu, tokiko zein nazioarteko merkatuetan duen presentzia indartuz eta sagardo jasangarri eta lehiakorra sustatuz. Euskal Sagardoa tradizioa eta modernitatea eskutik joan daitezkeela erakusten duen adibidea da, historiadun eta etorkizuna duen produktu bakarra herritarren eskura jarriz”, adierazi du Beltrán de Otalorak ekitaldian.

Denboraldiaren hasiera honen baitan, aurtengo enbaxadorearen figura ere nabarmendu da: Fernando González, La Revelía jatetxeko sukaldaria, duela gutxi Michelin izar batekin saritua. Gonzálezek lurraldetik sortzen den lanaren balioak modu eredugarrian ordezkatzen ditu: jatorriarekiko eta produktuarekiko errespetua, kalitatearen aldeko apustu etengabea eta lurraren zaintza. Aitortza honen atzean ahalegina, dedikazioa eta gauzak ondo egiteko konpromisoa duten pertsonak daude, bai goi-mailako gastronomiak bai euskal sagardoaren sektoreak partekatzen dituzten printzipioak.

Horrela, Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailak sagardogintzako sektorearekin duen konpromisoa berretsi du, ekoizpenaren jasangarritasuna bermatuko duten politikak sustatuz, bai eta kalitatea indartzea eta ekoizleen lehiakortasuna tokiko zein nazioarteko merkatuetan ere.

Euskal Sagardoa izendapena babestea estrategia honen parte da, sagardoa produktu identitario, jasangarri eta etorkizuna duen gisa sendotuz, eta Eusko Jaurlaritzak herritarrekin konektatutako nekazaritzako elikagaien sektore moderno baten alde egiten duen apustua islatuz.