- Finantzaketa baino lehen garapenerako baldintzak indartzeko eskatu dio nazioarteko komunitateari Javier Cortés eLankidetza – Lankidetzarako eta Gardentasunerako Euskal Agentziako zuzendariak.
Gaur egun nazioarteko lankidetzaren inguruan egiten den eztabaida nagusietako batek galdera bera du abiapuntu: nola mobilizatu Garapen Jasangarrirako Helburuak betetzeko behar den finantzaketa. Javier Cortés eLankidetza – Lankidetzarako eta Gardentasunerako Euskal Agentziako zuzendariaren ustez, ordea, galdera horri erantzuteko ikuspegia irauli egin behar da. Haren esanetan, gakoa ez dago soilik garapenerako finantzaketa handitzean, baizik eta finantzaketa hori erakartzeko eta epe luzera mantentzeko gai diren lurraldeak eraikitzean.
Cortések ideia hori defendatu du Agenda 2030eko GJHen Finantzaketari buruzko 2026ko Elkarrizketak jardunaldietan. Nazio Batuen Garapen Programak (PNUD) eta Espainiako Gobernuko Kanpo Arazo, Europar Batasun eta Lankidetza Ministerioak antolatutako topaketan, nazioarteko garapen-politiketan ikuspegi aldaketa baten alde egin du: garapenerako finantzaketatik garapenak finantzaketa ahalbidetzen duen ikuspegira igarotzea.
Haren iritziz, munduak dituen erronka handiei ezin zaie erantzun diru gehiago mobilizatuta bakarrik. Horretarako beharrezkoa da konfiantza sortzen duten oinarriak indartzea: erakunde sendoak, gobernantza ireki eta inklusiboa, gizarte kohesionatua eta epe luzeko aliantzak. «Finantzaketa jasangarria konfiantza dagoen tokira iristen da», nabarmendu du.
Ildo horretan, Cortések Nazio Batuen Finantzaketaren eta GJHen Lokalizaziorako Blueprint-a aipatu du erreferentziazko tresna gisa. Esparru horrek agenda globalak lurraldeetako lehentasunekin lotzea proposatzen du, eta finantza-fluxuak eraldaketa zehatzetara bideratzea. Baina, haren esanetan, lurralde baten baliorik handiena ez da azpiegitura-sarea edo gaitasun ekonomikoa bakarrik; gizarte-ehunaren indarra ere bada.
Horregatik, azpimarratu du gizarte zibil antolatu batek, herritarren parte-hartze errealak eta komunitateek erabakiak hartzeko prozesuetan duten presentziak zilegitasuna, konfiantza eta tokiko jabetza sortzen dituztela. Horiek dira, neurri handi batean, garapen-politiken arrakasta baldintzatzen duten faktoreak, baita finantzaketa erakartzeko gaitasuna ere.
eLankidetzako zuzendariaren arabera, nazioarteko lankidetzaren zeregina ez da soilik baliabide ekonomikoak mobilizatzea. Horrez gain, tokiko erakundeak sendotu, komunitateen gaitasunak indartu eta lurralde-aliantza inklusiboak sustatu behar ditu, pertsonen eskubideak gauzatzeko baldintzak sortuz. Haren hitzetan, horixe da arriskuak murrizteko, egonkortasuna sendotzeko eta etorkizuneko inbertsioetarako behar den ziurtasuna eskaintzeko modurik eraginkorrena.
Azken finean, Cortések defendatu du lurralde erresiliente, parte-hartzaile eta sozialki kohesionatuak direla garapen jasangarriaren eta finantzaketa jasangarriaren arteko lotura sendorik sendoena. Dirua erakartzeko modurik onena, dioenez, konfiantza sortzea da.






