- Bilbo-Basurtuko ESIak, Biobizkaia Osasun Ikerketarako Institutuarekin batera, 65 urtetik gorako onkologiako pazienteak ardatz dituen nazioarteko azterlan batean parte hartuko duten pazienteak bilatzen ditu
- Ekimenak 14 asteko programa pertsonalizatua jasotzen du, parte-hartzaileen indarra, oreka eta autonomia hobetzera bideratua
- Azterlan hau bat dator Euskadiko Osasun Itunaren konpromisoekin, kronikotasunaren arreta, prebentzioa eta ospitaleratzeen ondorengo asistentziaren jarraitutasuna indartzeko
Osakidetzak pazienteen bilaketa abiatu du Bilbo-Basurtuko ESIan, Europako SHAPE (“Jarduera Fisikoaren eta Parte-hartze Aktiboaren Ospitaleko Sistema”) proiektuan parte hartzeko. Nazioarteko ikerketa honen helburua da ospitaleratutako adineko pertsonen hauskortasuna nola detektatu eta alta medikoaren ondorengo errekuperazio funtzionala nola erraztu ebaluatzea. Zehazki, aztertu nahi da ea gainbegiratutako ariketa fisiko egokituko programa batek mugikortasuna eta autonomia hobetzen dituen ohiko zainketen aldean, asistentzia-zirkuituetan integratuko den eredu baten oinarriak ezartzeko.
Parte hartzen duten Europako zentroen artean, Bilbo-Basurtuko ESIak prozesu onkologiko aktibo edo berria duten adineko pertsonak izango ditu aztergai; zehazki, ospitaleko alta jaso eta etxera itzultzen diren 65 urtetik gorako pazienteak.
100 pazienterentzako programa pertsonalizatua
Ospitaleratze batek adineko pertsonengan indarra, oreka eta ibiltzeko gaitasuna azkar galtzea eragin dezake eta, alta medikoak ospitaleratzearen berehalako kausa konpontzen badu ere, ez du bermatzen aurretiko egoera funtzionala berreskuratzea. Trantsizio-fase horri ekiteko, saiakuntzan Basurtuko 100 paziente onkologiko inguruk hartuko dute parte —Europa mailan 500 izango dira guztira—, alta jasotzean hauskortasuna edo muga funtzionala dutenak.
Esku-hartzearen benetako eraginkortasuna egiaztatzeko, parte-hartzaileak ausaz esleituko dira bi taldetan: kontrol-taldea (alta ondoren ohiko jarraipena eta arreta jasoko duena) eta esku-hartze taldea (egokitutako ariketa fisikoko programa bat egingo duena). Esku-hartzeak 14 aste eta gainbegiratutako 26 saio izango ditu, indarra, oreka, erresistentzia eta malgutasuna lantzeko.
Pertsona bakoitzaren gaitasunera egokituta eta aurrez aurreko formatuan zein telematikoki egiteko aukerarekin, programak profesional espezializatuak izango ditu indarra, bizi-kalitatea eta atxikimendua bezalako aldagaiak neurtzeko. Halaber, parte-hartzearen etengabeko jarraipena egingo da eta, amaieran, ebaluazio bat egingo da bi taldeak alderatzeko eta pazienteek etxera itzultzean jarduera fisikoari eusteko dituzten zailtasun aztertzeko.
Elena Galve Bilbo-Basurtuko ESIko Osakidetzako Onkologia Zerbitzuko atalburu eta tokiko ikertzaile nagusiak eta Borja López de San Vicente onkologo eta ikertzaile laguntzaileak azaldu dutenez, “minbizia duen pertsona batentzat, gaitasun fisikoa mantentzea edo berreskuratzea lagungarria izan daiteke bere egunerokoan moldatzeko eta nekeari zein indar-galerari hobeto aurre egiteko. Indikazioa eta intentsitatea haren egoera kliniko eta funtzionalera egokitu behar dira”.
Nazioarteko finantzaketa eta lankidetza
SHAPE proiektuak ia 2 milioi euroko finantzaketa du guztira (1.956.154,34 €), eta horietatik 118.850 euro bideratuko dira Bilbo-Basurtuko ESIaren eta Biobizkaia Institutuaren parte-hartzerako. Proiektua Interreg Sudoe Europako programaren barruan kokatzen da; alegia, Europako hego-mendebaldean eskualde-garapena eta kohesioa sustatzeko diseinatutako Europar Batasuneko funtsean (EGEF/FEDER).
Ekimen honetan Espainiako, Frantziako eta Portugalgo erakunde zein ikerketa-institutuek parte hartzen dute. Europako sareak gaixotasun kronikoen hainbat profiletan aztertuko du programaren eragina; Osakidetzako eta Biobizkaiako lantaldeak, berriz, paziente onkologikoak izango ditu ikerketaren ardatz.
Euskadiko Osasun Itunaren lehentasunekin bat egitea
Ikerketa horrek lotura zuzena du Euskadiko 2030 Osasun Planaren eta Euskadiko Osasun Itunaren ardatz estrategikoekin; izan ere, lehentasuna ematen die kronikotasunari, prebentzioari, zainketen pertsonalizazioari eta antolakuntza-berrikuntzari.
SHAPE proiektuan parte hartuta, Osakidetzak ebidentzia zientifiko sendoa sortu nahi du errekuperazio-zirkuitu baten inguruan. Zirkuitu horren eraginkortasuna eta bideragarritasuna egiaztatzen badira, etorkizunean osasun-sare publikoan hartu beharreko erabakiak bideratzeko balio izango du. Azken finean, helburua da erakustea minbizia duen adineko baten errekuperazioak ospitaletik kanpo ere jarraitzen duela, etxean bere gaitasun fisikoari eta autonomiari eusteko aukerak sendotuz.






