- Estalkietan lan egingo dute ur-filtrazioak konpontzeko, baita fatxadetan ere, elementuak erortzea eta haien degradazioa handitzen jarraitzea saihesteko
- Lanek 54.000 euroko aurrekontua dute eta sei astetan bukatuta egotea aurreikusten da
Asisko San Frantzisko elizan —1976ko martxoaren 3ko gertakariak izan ziren lekuan—jada hasi dituzte obrak. Martxoak 3 Memoriagunea Fundazioa / Fundación Memorial 3 de Marzo Fundazioaren patronatuak joan zen abenduan onartu zuen premiazko hainbat lan gauzatzea, eraikina egoera txarrean zegoelako eta berehalako esku-hartzerik ezean kalteak areagotzeko arriskua zegoelako. Esleitutako lanek 54.000 euroko aurrekontua dute, eta sei astetan bukatuta egotea aurreikusten da.
Gasteizko Zaramaga auzoan dagoen Asisko San Frantzisko eliza Luis Peña Ganchegui arkitektoak diseinatu zuen eta 1969 eta 1970 urteen artean eraiki zen. Balio arkitektoniko handiko eliza eta karga sinboliko handiko lekua da. Izan ere, 1976ko martxoaren 3ko langile-protesten aurka Polizia Armatuak egindako erasoen zati handi bat elizaren barruan gertatu zen.
Gertakari horietan bost langile erail zituztenetik berrogeita hamar urte betetzear daudenean, eraikina ahalik eta gutxien eraldatuz eta hura ahalik eta gehien errespetatuz jardutea helburu duten lanak hasi dira, birgaitze-lan osatuago bat egin arte haren degradazioa saihesteko.
Premiazko jarduketak
Joan zen abenduaren 15ean egindako bilkuran, Martxoak 3 Memoriagunea Fundazioaren patronatuak aho batez onartu zituen premiazko jarduketa horiek egiteko esleipen-proposamenak. Zehazki, argi berdea eman zitzaion eraikinaren estalkietan jarduteari, teilatuko arbel-zatiak mugitu izanaren ondorioz ura sartzea ekiditeko, baita askatzeko eta bide publikora erortzeko arriskua zuten elementuak egonkortzeko edo kentzeko ere.
Era berean, urteetan zehar eraikinaren inguruko parterretan kontrolik gabe hazten joan den eta haiek hondatzen ari den landaredia ezabatzea erabaki zen. Lan horiek jada hasi dira gauzatzen.
Patronatuak, era berean, patronatua bera osatzen duten elkarteen eta Arabako Foru Aldundiaren eskaera jaso zuen, eliza inguratzen duten lorategietan zundaketak egin zitzaten, lorategi horien arkeologia-potentziala zehazteko, gertaera historikoarekin lotutako erronka interesgarriak kontserba zitezkeelakoan. Enkargua osatzeko, eraikinaren jasotze topografikoa egingo da, dokumentazio geometriko xehatu guztia egin ahal izateko, 1976ko gertakari bortitzen ebidentzia fisikoak identifikatu eta dokumentatzeko helburuarekin.






