Alberto Martínez Osasuneko sailburuak agerraldia egin du gaur goizean, berak hala eskatuta, Eusko Legebiltzarreko Osasun Batzordean, eta zehatz-mehatz azaldu ditu gorabeheraren kudeaketa eta txertaketa-sistema indartzeko 21 neurriko indartze-plana. 2026an 1,5 milioi euroko inbertsioa egingo dela eta herritar guztientzako txertaketa-kartilla digitala sortuko dela aurreikusi du
Iraungitako txertoen ondoriozko gorabehera bideratuta dago, familiei informazioa ematearekin eta txertoak berriro jartzearekin: 40 hexabalente eta 44 tetrabalente eta hirukoitz biriko
2025ean, 168.000 txerto-dosi baino gehiago berrikusi dira, eta Euskadin 19 kasu baieztatu dira eta 136 kasu potentzial daude, nazioarteko osasun-sistemen ratioen azpitik
Alberto Martínez Eusko Jaurlaritzako Osasuneko sailburuak agerraldia egin du gaur goizean, berak hala eskatuta, Eusko Legebiltzarreko Osasun Batzordean, iraungitako txertoak nahi gabe ematearen ondoriozko gorabehera azaltzeko eta Euskadin txertaketa-programaren segurtasuna indartzera begira diseinatutako 20 neurri baino gehiagoko sorta zabalaren berri emateko. Neurri horien artean dago, besteak beste, herritar guztientzako txertaketa-kartilla digitala —neurri horiek 2026an ezartzeko 1,5 milioi euroko aurrekontua izango da—.
Martinez sailburuak bere lantaldearekin egin du agerraldia: Gontzal Tamayo, Osasuneko sailburuordearekin; Aritz Uriarte, Gobernantza eta Jasangarritasun Sanitarioko sailburuordeekin; Lore Bilbao, Osakidetzako zuzendari nagusiarekin; eta Koldo Berganzo, Asistentzia Sanitarioko zuzendariarekin. Antolaketa asistentzialari, informazio-sistemei eta trazabilitateari buruzko alderdi teknikoak azaldu dituzte.
Sailburuak aditzera eman du gorabehera hori salbuespena izan dela Osakidetzarentzat, eta berretsi du, lehenengo egunetik, Sailak berehala jardun duela eta zorroztasunari, zuhurtziari, erantzukizunari eta gardentasunari jarraitu diola, betiere segurtasunari erreparatuta, familien aurrean osasun-eraginkortasunez erantzute aldera.
Iraungitako txertoak jartzea gertatu behar ez zuen akatsa izan dela onartu du, eta adierazi du Sailak pazienteen osasunean ondoriorik izan ez duen segurtasun zientifikoz jokatu duela beti. Hartara, nabarmendu du helburua gertatutakoaz ikastea eta sistema indartzea dela.
Horretarako, Martinezek Euskadiko txertaketa-sistemaren segurtasuna indartzeko 21 neurri iragarri ditu, baita herritar guztientzako kartilla digitala sortuko dela eta neurri horiek 2026an inplementatzeko 1,5 milioi euroko inbertsioa egingo dela, txertaketa-sistemaren modernizazio digitalera, antolaketara eta prestakuntzara begira.
Gorabehera bideratu da eta txertoak berriro jarri dira
Gorabehera urtarrilaren 15ean detektatu zen Iztietako osasun-zentroan (Donostialdeko ESIan), eta berehala aktibatu ziren sistema osoan analisi- eta erantzun-mekanismoak.
Agintari zientifiko eta arautzaile eskudunei (AEMPS Sendagaien Espainiako Agentzia, Euskadiko Txertoen Aholku Batzordea eta laborategi fabrikatzailea) kontsulta egin zitzaien, eta ondorioztatu zen dataz kanpo emandako dosiek ez dutela arriskuan jarri segurtasun klinikoa, eta ez dutela eragin kaltegarririk izan pazienteengan.
Kasuak banan-banan aztertu ondoren, eta erregistroetako informazioa txertaketa-kartillekin alderatu ostean, txertoak irizpide teknikoen arabera jarri dira berriro, familiei informazio osoa emanda eta haien baimenarekin.
Txerto hexabalentean, atzemandako 253 kasuetatik (103, agintari zientifikoek azaroko txertoen baliozkotasuna baieztatu ostean), 40 erregistro-akats baieztatu dira, 40 pertsonari jarri zaiei berriro txertoa, eta gainerakoek txertoa berriro ez jartzea edo erabakia atzeratzea erabaki dute. Eta txerto tetrabalente eta hirukoitz birikoetan, balizko 78 kasuetatik, azkenean 44 pertsonari jarri zaie berriro txertoa, 9 erregistro-akats izan dira, eta gainerakoek txertoa berriro ez jartzea erabaki dute.
Sailburuak eskerrak eman dizkie Osakidetzako profesionalei familientzako arretan eta hurbileko azalpenean egindako lanagatik, baita familiei ere, prozesu osoan laguntzeagatik.
168.000 txerto berrikusi dira eta nazioarteko sistemekin neurtu da
Lehen kasuak aztertzeaz gain, Osasun Sailak 2025ean jarritako txerto guztien berrikuspen proaktiboa bultzatu du, 168.000 dosi inguru Osakidetzako erakunde guztietan (168.841, gripea eta koronabirusa kenduta).
Berrikuspen zorrotz horri esker, benetako eragina mugatu ahal izan da, baieztatutako kasuak eta kasu potentzialak zehaztu ahal izan dira, eta, sistemak segurtasun-elementuak dituen arren, segurtasuna indartu behar dela egiaztatu da, giza akatsaren arriskua are gehiago murriztu dadin.
Aztertutako datuekin, iraungitako 19 txerto jarri direla baieztatu da, eta gehienez 137 izan daitezkeela egiaztatu da. Ildo horretan, Sailak aztertu du gorabehera horrek Euskadin zer inpaktu izan duen eta inpaktu hori zenbatekoa den, nazioarteko osasun-sistema aurreratuenen aldean, hala nola Erresuma Batuko sistema publikoaren aldean.
Euskadin jarritako iraungitako dosien ratioaren zifra Erresuma Batuko osasun-sistema publikoaren azterketetan deskribatutako zifren azpitik dago; izan ere, Erresuma Batuan jarritako 100.000 dosiko 170 eta 250 dosi artean daude iraungita.
Sailburuak adierazi duenez, adierazle horien azpitik egonik ere, Eusko Jaurlaritzaren jarrera argia da: ezin da kasu bakar bat ere naturalizatu, eta sistema “zero akatsera” bideratu beharko da.
Zintzotasunean, entzutean eta proaktibitatean oinarritutako jarduketa-esparrua
Osasun Sailaren esku-hartzea bost printzipioren inguruan artikulatu da: zintzotasuna, entzutea, gardentasuna, argitasuna eta proaktibitatea.
Zintzotasuna, hasiera-hasieratik akatsa onartu eta jendaurrean azaltzean. Entzutea, gertatutakoa agintari eskudunekin eta erakunde sanitario integratuetako profesionalekin kontrastatzean. Gardentasuna, zer egin den, norekin, zergatik eta zertarako zehaztean.
Argitasuna, azken asteetan zabaldu diren informazio zehaztugabeak argitzen ahalegintzean. Eta proaktibitatea, analisia antzemandako lehen kasuetatik harago zabaltzean eta 2025. urte osoa berrikustean, gorabeheraren dimentsioa ezagutu eta aztertze aldera.
Testuinguru horretan, aditzera eman behar da, gainera, Sailak Txertoen Ikerketa eta Trazabilitate Batzordea eratu duela. Batzorde hori arduratuko da txertaketa-zirkuitu osoa aztertzeaz —loteak jasotzen direnetik eta jartzen diren arte— eta arrazoiak eta hobetzeko puntuak identifikatzeaz.
Txertaketa-sistemaren segurtasuna indartzeko 21 neurri
Sailburuak 21 neurriko sorta aurkeztu du, eta neurri horien artean daude, Euskadiko Osasun Itunean jada adostutako jarduketez gain, urtarrilaren 15etik aurrera hartutako neurriak eta epe labur eta ertainerako antolaketa, teknologia eta prestakuntzaren arloko ekimen berriak.
Helburua da txertaketa-sistema are sendoagoa izatea, akatsak garaiz detektatzeko gaitasun handiagoa izango duena, trazabilitate digital osoa izango duena eta segurtasun-kultura partekatua izango duena maila guztietan.
A.Euskadiko Osasun Itunean jada adostutako ekintzak
1. Immunizazio-programen kudeaketa bateratua. Txertaketa-programa guztiak kudeaketa bakar eta koordinatu baten pean integratuko dira, etorkizuneko Osasun Publikoaren Euskal Erakundearen barruan.
Kudeaketa bateratu horrek koherentzia, efizientzia eta lurralde osoan jarduketa-ildo bera bermatuko ditu.
2. Kontrol digitala denbora errealean. Sistema digital bateratua ezarriko da, txerto-estaldurak, dosi bakoitzaren trazabilitatea eta osasun-zentroetan txertoak eskuragarri dauden ala ez denbora errealean jakin ahal izateko. Sistema horrek segurtasuna indartuko du, akatsak murriztuko ditu eta plangintza erraztuko du.
3. Prebentzio-eraginkortasunaren adierazle berriak. Txertoek osasun publikoan duten benetako inpaktua neurtzeko adierazle eguneratuak eta zehatzagoak garatzea aurreikusten du Itunak. Adierazle horiei esker, hobeto ebaluatu ahal izango da prebentzioaren eraginkortasuna, eta immunizazio-politiketako hobekuntzak bideratu ahal izango dira.
B. Urtarrilaren 15etik 31ra bitartean hartutako berehalako euste- eta egiaztatze-neurriak
4. Osasun-erakunde guztiak aktibatzea osasun-alertaren aurrean.
5. Euskadiko 400 osasun-zentroetako txerto guztien stockaren berrikuspen zorrotza.
6. FEFO (First Expired, First Out) sistemaren aplikazio bermatua, hurbilen dagoen iraungitze-data duen kutxa lehen lerroan jarrita.
7. 2025ean jarritako txerto guztien berrikuspen proaktiboa, Osasun Publikoarekin elkarlanean: 168.841 txerto. Literatura zientifikoan aurrekaririk ez duen ekimena.
8. Funtzionamenduko, kontzientziazioko eta segurtasun-kulturako protokoloak berrikustea, eta “7 zuzenak” (pazientea, txertoa, adina, dosiak, bidea, iraungitzea eta erregistroa) betetzen direla ziurtatzea, txertoen erregistro egokiari buruzko infografiekin eta informazio-pieza laburrekin.
9. Txertoen Ikerketa eta Trazabilitate Batzordea sortzea.
C. Berehalako eragina duten berehalako neurriak
10. Txertoen stockak berrikusteko protokolo komuna ezartzea, trazabilitate osoko kontrol-sistema izan arte.
11. 2/2018 Legea aldatuko duen instrukzio berria berrikustea eta ematea, barnean dela kalterik gabeko gorabeheren nahitaezko jakinarazpena, sistema ikasteko eta hobetzeko funtsezko tresna gisa.
D. Epe ertainera (urte amaiera) eragina duten berehalako neurriak
12. Trazabilitateko eta Kudeaketa Adimenduneko Plataforma Integrala. Basque Health Cluster BHC Osasun Klusterrarekin elkarlanean, stockaren ikuspen osoa denbora errealean emango duen azpiegitura digital estrategiko baten ezarpena aztertuko da. Soluzio horrek aukera emango luke eredu erreaktibo eta zatikatu batetik denbora errealeko datuetan oinarritutako eredu prebentibo eta integratu batera pasatzeko. Plataforma horrek ahalbidetuko du:
- Digitalizazioa eta trazabilitatea denbora errealean egitea: kudeaketa bateratuko luke, egungo sistemak integratuta (hala nola ESKABIDE eta SAP) eta, horrela, bikoiztasunak ezabatuko lituzke eta datuen koherentzia bermatuko litzateke (harrera automatizatua, kokapen adimenduna eta trazabilitate bateratua).
- Kudeaketa prediktiboa eta “PharmIA”: funtzionamendu prediktiboa eta ez-erreaktiboa.
- Recall-eko Sistema Automatizatua: osasun-alerten aurrean, plataformak ahalbidetuko luke loteak berehala kentzeko prozedura egikaritzea.
Analisi-prozesuan dagoen soluzio horrekin, logistika hobetzeaz gain, segurtasun klinikoa indartuko duen azpiegitura izan dezakegu eta, aurreratzeko eta erantzuteko benetako gaitasunaren bidez, errefusa murriztuko dugu.
E. Epe laburrerako eta ertainerako beste neurri gehigarri batzuk
13. SEVeM sistemaren DataMatrix Egiaztapena txertaketa-puntu guztietan nahitaez integratzea, eta ez farmazian soilik. SEVeM sistema da sendagai faltsutuen aurkako Europako Zuzentaraua betetzeko diseinatutako sistema nazionala. Sistemaren helburu nagusia da sendagaien benetakotasuna eta trazabilitatea bermatzea, funtsezko bi elementuren bidez: identifikatzaile bakarra eta manipulazioaren aurkako gailua.
14. Txertaketa-sistemaren erregistroa konektatzea iraungitzeak kontrolatzeko modulu automatikoarekin.
15. Iraungitzear dauden loteetarako alarma automatikoak ezartzea.
16. Erregistro automatikoa historia klinikoan.
17. Herritar guztientzako txertaketa-kartilla digitala. Historia Kliniko Elektronikoan integratuko den txertaketa-kartilla digitala sortuko da, eta pertsona bakoitzaren karpeta elektronikotik egongo da eskuragarri.
Antolaketa-neurriak
18. Txertaketa-zentroetan ausazko kudeaketa-kontrolak bultzatzea.
19. Langile desberdinek egingo duten egiaztapen bikoitza protokolizatzea (“two-check system”).
Prestakuntza-ekintzak
20. Nahitaezko etengabeko prestakuntza, kudeaketa logistikoari buruzkoa, SEVeMen erabilerari buruzkoa, DataMatrix kodeen irakurketari buruzkoa eta dokumentu-kontrolari buruzkoa, txertaketa-prozesuan inplikatuta dauden profesionalei zuzendutakoa.
21. Gorabehera logistikoen aldizkako simulakroak.
Sistema zuzena, baina hobetu daitekeena, 1,5 milioi eurorekin indartuko dena
Osasun sailburuak adierazi du txertaketa-sistema ez dela berez okerra, eta, kasu gehienetan, prozesua modu egokian egiteko aukera ematen duela. Nolanahi ere, jarduera-bolumena eta herritarren konfiantza mantentzearen garrantzia kontuan izanik, batik ere adingabeak dituzten familiena, ezinbestekotzat jo da indartzea eta trazabilitatean berme handiagoak ematea.
Horretarako, etapa guztietan, loteen eta iraungipenen erregistroa bateratuko duten tresna digitalak erantsiko dira, eta antolaketa- eta prestakuntza-neurriak aplikatuko dira, giza akatsen arriskua ahalik eta gehien murriztu dadin.
Aurreikusitako 1,5 milioi euroko inbertsioari esker, aurrera egin ahal izango dugu hasieratik amaierara trazabilitate sendoa izango duen txertaketa-eredu seguruago eta erabat digitalizaturako bidean, eta Euskadiko Osasun Itunaren helburuekin eta euskal herritarren itxaropenekin bat etorriko da.






