Batxilergoko 150 ikaslek baino gehiagok parte hartzen dute Ospitaleko zerbitzu eta unitateen bisita gidatuetan

0

Lau egunetan zehar ospitaleak zortzi ikastetxetako ikasleak hartu ditu: Zunzunegi BHI, Ángela Figuera, Muskiz BHI, Burdinibarra BHI, Zalla BHI, Franciscanas de Montpellier, Santa María Ikastetxea, Balmaseda BHI eta San José Carmelitas. Gazteek hainbat zerbitzu ezagutzeko aukera izan dute ospitaleko profesionalek eta ikastetxe bakoitzeko irakasleek lagunduta.

Bisitetan ikasleek bertatik bertara ezagutu ahal izan dute Neurologia, Genetika, Anestesia eta Bizkortzea, Erradiologia, Farmazia, Hematologia, ZIU eta Erredura Handiak, Psikiatria, Larrialdi Orokorrak eta Pediatrikoak, Onkologia Medikoa, Endokrinologia eta Nutrizioa bezalako zerbitzuetan egiten den lana, baita ospitalean funtsezkoak diren unitateak ere, hala nola Pediatriako eta Helduen Etxeko Ospitalizazioa, Esterilizazioa, Bizkarrezur-Muineko Lesionatuak, Medikuntza Nuklearra, Laborategia edo Kirurgia Orokorreko Ebakuntza-gela.

Atal hauek hautatzeko kontuan hartu dira ikasleek osasun-zientziekiko duten interesa eta lanbide-taldeek ibilbide segurua eta dibulgatiboa eskaintzeko dituzten aukerak.

Saioak erakundeei egin zaien ongietorriarekin hasi dira egunero; ekitaldi horretan profil desberdinetako profesionalek osasun-zientzietan trebatzea zertan datzan azaldu dute: Medikuntza, Erizaintza, Psikologia, Fisioterapia, Erradiofisika, Biologia eta beste osasun-diziplina batzuk. Gainera, EEG ESIaren dibulgazio-bideoa proiektatu da, ospitalearen asistentzia-, ikerketa- eta irakaskuntza-lana testuinguruan kokatzen duena.

Zerbitzuetan zehar egindako ibilbidean ikasleek hainbat unitatetako espezialistei euren esperientziaz, eguneroko lanaz eta eskura dituzten prestakuntza-aukerez galdetu ahal izan diete, programaren aurreko edizioetan berariaz  baloratu den atala. 

EEG ESIan finkatutako ekimen bat 

Programak bigarren edizioa betetzen du eta Ezkerraldea-Enkarterri-Gurutzetako ESIaren erreferentziazko jardueretako bat bihurtu da inguruko gazteen artean osasun-bokazioak sustatzeko. Edizio honetan parte-hartzea handia izan da eta 30 zerbitzu eta unitate baino gehiagoren inplikazioarekin garatu da eta, horrela, ospitaleak berriro dibulgazio zientifikoarekin, ikasleen orientazioarekin eta talde-lana, humanizazioa eta etengabeko hobekuntza bezalako balioen sustapenarekin duen konpromisoa indartu du.