MARTXOAK 14. ENDOMETRIOSIAREN MUNDUKO EGUNA
Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleko Endometriosiaren Unitateak 20 urte baino gehiagoko esperientzia du, eta Osakidetzan jarduera eta ibilbiderik luzeena duten unitateetako bat da. Urtero 2.000 ospitale-kontsulta inguru izaten ditu, erresoluzio handiko 1.500 ekografia egiten ditu eta lehenengo aldiz egiten diren 250 bisita inguru izaten dira.
Osakidetzak mezu argia helarazi nahi die emakumeei: ezgaitzen duen hilekoaren mina ez da normalizatu behar, osasun-langileei galdetu behar zaie eta hori goiz antzematea funtsezkoa da tratamendua lehenago hasteko eta bizi-kalitatea hobetzeko.
2025ean, Osakidetzak 4.660 endometriosi kasu artatu zituen Euskadin —Bizkaian 2.962, Gipuzkoan 922 eta Araban 776—, eta beste 348 detektatu ziren; gehienak 18 eta 45 urte bitarteko emakumeak ziren.
Endometriosia gaixotasun kroniko eta inflamatorioa da, eta ugaltzeko adinean dauden emakumeen % 10i eragiten die gutxi gorabehera. Min handia eta antzutasuna eragin ditzake.
Osakidetzak endometriosi kasu komplexua duten emakumeen arreta indartuko du Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleko Endometriosis Unitatean. Unitate hori, hemendik aurrera, erreferentziazko unitatea izango da Euskadi osorako, emakumeen bizi-kalitatean eragin handia duten eta diziplina anitzeko talde bat behar duten kasu horietan. Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleko Endometriosiaren Unitateak 20 urte baino gehiagoko ibilbidea du, eta Osakidetzaren barruan esparru horretan esperientziarik eta ibilbide asistentzialik handiena du. Urtero 2.000 ospitale-kontsulta inguru artatzen ditu, bereizmen handiko 1.500 ekografia inguru egiten ditu eta lehenengo aldiz egiten diren 250 bisita inguru izan ohi ditu.
“Dibulgazioari, ezagutza eguneratzeari eta elkarteekin batera egindako lanari esker, gaixotasuna gero eta agerikoagoa da eta kontsulta gehiago egiten dira”, dio Santiago Díezek. Osakidetzak zenbait elkarteren funtsezko zeregina aitortzen du, hala nola EndoEuskadirena. Izan ere, elkarte horien dibulgazio-, laguntza- eta sentsibilizazio-lanak estigma murrizten laguntzen du, eskura dagoen informazioa hobetzen du eta emakume gehiagok lehenago kontsultatzea eta artatzeko aukerak ezagutzea errazten du.
Kasurik konplexuenetarako edo gaixotasunak bizi-kalitateari nabarmen eragiten dionerako, Unitateak osasun-profesionalen diziplina anitzeko talde bat du. Ginekologiako espezialistek —esperientzia dutenak pelbiseko kirurgian, laguntza bidezko ugalketan eta bereizmen handiko ekografian— eta erradiologiako, anestesia-mineko, kirurgia orokorreko, urologiako, errehabilitazioko, osasun mentaleko eta endometriosian eta zoru pelbikoan espezializatutako erizaintzako profesionalek osatzen dute. Talde horri esker, balorazio kliniko oso bat egin daiteke, paziente bakoitzaren beharretara egokituta.
Ospitaleak urtean 100 kirurgia baino gehiago egiten ditu endometriosia dela eta, gehienak inbasiorik txikieneko kirurgia-tekniken bidez. % 80 inguru endometriosi sakoneko kasuak dira, eta ginekologia, kirurgia orokorra edota urologiak batera parte hartzeko eskatzen dute. Kirurgien kopuru horrek, unitatearen ibilbide luzearekin eta bere talde profesionalaren aniztasunarekin batera, erakusten du zentroa gai dela kasurik konplexuenei heltzeko, paziente bakoitzari egokituta.
Bihar, martxoak 14 ospatzen den Endometriosiaren Munduko Eguna dela-eta, Osakidetzak mezu argia helarazi nahi die emakumeei: bizitza normala egitea galarazten duen hilekoaren mina ez da “normala” eta osasun-langileei galdetu behar zaie. Bihar, martxoak 14, Endometriosiaren Nazioarteko Eguna dela eta, Osakidetzak gogorarazten du sentsibilizazioak eta sintomen azterketa goiztiarrak ahalbidetzen dutela tratamendua lehenago hastea eta bizi-kalitatea hobetzea. Osasun-zentroetan emakumeek medikuari edo emaginari kontsulta egin diezaiokete hileko min ezgaitzailearen edo beste sintoma iraunkor batzuen inguruan, eta ginekologiara deriba ditzakete azterketa xeheagoa egiteko.
Endometriosia gaixotasun kroniko eta inflamatorioa da, eta ugaltzeko adinean dauden emakumeen % 10i eragiten die, gutxi gorabehera. Hainbat sintoma kliniko izan ditzake: min arina, pelbiseko min gogorra edo haurduntzeko zailtasunak. Hesteetan, maskurian edo ureterretan eragina izan dezake, eta ginekologiako, kirurgia orokorreko eta urologiako espezialistek parte hartzen duten ebakuntza konplexuak egin behar izaten dira. Ohiko patologia den arren, diagnostikoa atzeratu egin ohi da, bai hilekoaren minaren normalizazioagatik, bai sintoma ugariengatik. Horregatik da garrantzitsua erne egoteko zantzuak ezagutzea eta sintoma iraunkorren inguruan galdetzea.
“Hilekoaren min ezgaitzailea, bizi-kalitateari eragiten diona, ez da normala, eta aztertu egin behar da”, nabarmendu du Santiago Díez Osakidetzako ginekologo eta Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleko Endometriosi Unitatearen arduradunak. “Gaixotasuna hobeto ezagutzea gakoa da diagnostikoa lehenago egiteko.” Profesionalak ohartarazi du, gainera, biztanleria osoa kontuan hartuta, eragindako emakumeen benetako zifrak oso gutxi balioetsi direla: “Ez dugu erregistro fidagarririk lurralde osoan, baina, Euskadin endometriosia duten 100.000 emakumeren kalkulua kontuan hartuta, ziur aski horien % 20-25 soilik egongo dira diagnostikatuta”.
2025ean, Osakidetzak 4.660 endometriosi kasu artatu zituen. Bizkaian izan ziren gehien (2.962), ondoren Gipuzkoan (922) eta azkenik Araban (776). Urte horretan beste 348 kasu detektatu ziren: 29 Araban, 263 Bizkaian eta 56 Gipuzkoan. Artatutako kasuetan zein erregistratu berri diren kasuetan, gehienak 18 eta 45 urte bitarteko emakumeak izan ziren, eta hori da gaixotasunak gehien eragiten duen adin-tartea.
Diagnostikoa, tratamendua eta kudeaketa klinikoa
Endometriosia identifikatzeko, adituek azterketa klinikoak eta irudi-probak egiten dituzte, hala nola bereizmen handiko bagina bidezko ekografia edo erresonantzia magnetikoa. Kasu batzuetan beharrezkoa izan daiteke laparoskopia bat, baina ez da beti beharrezkoa izaten tratamendua hasteko. Emakume gehienek hobera egiten dute minerako medikazioarekin eta hormona-tratamenduarekin, eta % 20 inguruk baino ez dute behar kirurgia.
Tratamendu mediko edo kirurgikoaz gain, Osakidetzak tratamenduari erabat heltzea sustatzen du, eta honako hauek ere egon daitezke: pelbis-zoruaren fisioterapia, minaren kudeaketa aurreratua, laguntza psikologikoa, minaren neurozientziaren hezkuntza eta ohitura osasungarrien gomendioak. Ikuspegi multimodal hori gaixotasunaren eragin osora egokitzen da, eragina izan baitezake bizitza pertsonalean, familiakoan, akademikoan eta lanekoan.






