Kontsumobidek stand informatiboak jarri ditu Gasteizen, Bilbon eta Donostian, herritarrei kontsumitzaile gisa dituzten eskubideak ezagutarazteko eta kontsumo informatu, arduratsu eta kontzientea sustatzeko.
Martxoaren 15a Kontsumitzailearen Nazioarteko Eguna dela eta, Kontsumobide – Kontsumoko Euskal Institutua kalera atera da gaur; Gasteizen, Bilbon eta Donostian standak jarri ditu, herritarrei gomendatzeko erosi aurretik informatzea, kontratuen letra txikia irakurtzea, kontsumo kontzientearen alde egitea eta behar denean erreklamatzea.
Ekimenaren helburua da herritarrei kontsumitzailearen eskubideen garrantzia helaraztea. Horren bidez, eta “Ez jarri kontsumoa jokoan” kanpainarekin bat, Euskadin kontsumitzaileen informazioa, prebentzioa eta eskubideen erabilera indartzea du helburu.
Bilbon informazio-karpak Bizkaiko Foru Liburutegian (Arbieto kalean) jarriko dira, eta bertan Kontsumobideko langileek aholkuak eskainiko diete herritarrei, kontsumoarekin lotutako zalantzak argituko dituzte eta kontsumitzaileen eskubideei buruzko informazio-materialak zabalduko dituzte.
Gasteizen, Loma Jeneralaren Plazan jarriko da standa, eta bertan kontsumo arazoen aurrean nola jokatu jakiteko informazio praktikoa emango zaie herritarrei, eta erosketak modu arduratsu eta seguruan egiteko gomendioak helarazi.
Azkenik, Donostian, informazio-puntu bat jarriko da, Kontsumobidek eskaintzen dituen zerbitzuak ezagutarazteko, eta kontsumitzaileak animatzeko informatzera, gatazkei aurrea hartzera eta, beharrezkoa denean, beren eskubideak erabiltzera.
Kanpainaren helburua da kontsumitzaileak ahalduntzea, erosketa-erabakiak kontrola ditzaten eta ekonomia bidezkoago eta gardenagoa lortzen lagun dezaten.
Produktu bat erosten edo zerbitzu bat kontratatzen den bakoitzean, hartzen diren erabakiek ondorioak dituzte; beraz, Kontsumobidek herritarrei gomendatzen die informa daitezen, letra txikia irakur dezaten eta irizpidez joka dezaten. Mezu horren bidez, Euskadiko hiru hiriburuetan dauden informazio-guneetara hurbiltzeko gonbita egiten du Kontsumobidek, orientazioa jasotzeko eta zalantzak argitzeko, eta gogorarazten du, segurtasunez kontsumitzeko eta norberaren eskubideak defendatzeko, onena dela kontsumoa jokoan ez jartzea.






