Euskadik indartu egin du bere nazioarteko proiekzioa 2026ko Alimentarian nekazaritzako elikagaien sektoreko 40 enpresa ingururekin

0
  • Euskadiko nekazaritzako elikagaien sektoreko 26 enpresa ekoizlek beren berrikuntzak modu bateratuan erakutsiko dituzte Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailak sustatutako Euskadi Basque Country standea
  • Basque Txokoa eta influencer gastronomikoentzako Euskal Sagardoa eta Basque Beer dastatze espezializatuak dira Euskadik azokan izango duen standaren ardatz nagusiak

Euskadiko nekazaritzako elikagaien industriak Alimentaria azokan hartuko du parte gaurtik martxoaren 26ra bitarte. Azokak 50. urteurrena ospatuko du Bartzelonako Gran Vía de Fira espazioan, eta sektorearen nazioarteko plataforma nagusietako bat bihurtu da dagoeneko.

Guztira, Euskadiko nekazaritzako elikagaien sektoreko 39 enpresa ekoizlek hartuko dute parte edizio honetan. Horietatik 26 Euskadi Basque Country markaren pean egongo dira  Lands of Spain (1. pabilioia) espazioan, eta arrain-kontserbagileak Expoconser gunean (5. pabilioia) egongo dira.

Amaia Barredo Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapena, Nekazaritza eta Arrantza sailburua Bartzelonara joan da Euskadiko nekazaritzako elikagaien industria babesteko eta Alimentarian duen presentzia indartzeko. Azoka honetan parte hartzea Euskadiko Elikagaien Industria Sustatzeko Planaren parte da. Plan horren bidez, Eusko Jaurlaritzak sektoreari laguntzen dio nazioartekotzeko, merkataritzako aukerak sortzeko eta merkatu berrietara zabaltzeko garrantzitsuak diren ekitaldietan.

“Alimentariaren moduko erreferentziazko azoka batean presentzia handia izateak erakusten du Euskadiko nekazaritzako elikagaien sektorea konprometitua dagoela nazioartekotzearekin, kalitatearekin eta berrikuntzarekin, eta Euskadi munduko gastronomiaren eta elikagaien arloko erreferente gisa kokatzen du”, nabarmendu du Barredo sailburuak.

Joerak eta tradizioa Euskadik Alimentarian duen standean

Marka parte-hartzaileen berrikuntzak aurkezteaz gain, Euskadiko standak programazio adierazgarria izango du edizio honetan.

Ardatz nagusietako bat Basque Txokoa espazioa izango da. Espazio hori Euskadiko elikagaiak eta edariak sustatzeko topagunea izango da. Espazio horretan aurkezpenak, bilera komertzialak eta bezeroei, prentsari eta influencer gastronomikoei zuzendutako jarduerak egingo dira.

Ekintza adierazgarrienen artean sektoreko preskriptoreei zuzendutako Euskadiko produktuen eta edarien dastatze espezializatuak daude, Euskal Sagardoa eta Basque Beer-ren saioak barne. Asteartean, martxoaren 24an, Euskal Sagardoaren dastatzea izango da 11:00etatik 12:00etara, eta asteazkenean, martxoaren 25ean, ordu berean, Basque Beer garagardoen dastatzea.

Ekimen horien xedea euskal gastronomia nazioarteko profesionalei hurbiltzea da, produktu adierazgarriak dastatzeko aukera eskainiz, besteak beste Kantauriko kontserbak, gourmet elaborazioak eta proposamen berritzaileak.

Berrikuntzarekin eta negozioarekin lotutako plataforma globala

Aurten, 2026ko Alimentaria Hostelcorekin batera egingo da, eta, hala, jatetxeen eta ostalaritzako ekipamenduen arlora zabalduko da bere irismena. Ekitaldiak 100.000 metro karratuko espazioa hartuko du eta zazpi pabilioitan banatuko da. Espazio garrantzitsuak izango ditu, hala nola The Alimentaria Hub, Innoval edo The Horeca Hub; berrikuntzarako, ezagutzarako eta networking profesionalerako.

Gainera, nazioarteko erosleen topaketa-programak merkatu eta negozio-aukera berrietarako sarbide zuzena emango die Euskadiko enpresei.

Edizio honetan, 3.300 enpresa erakusketari baino gehiago izango dira azokan, eta nazioarteko parte-hartzea 2024koa baino % 41 handiagoa izango da. 70 herrialdetako pertsonak izango dira bertan eta 110.000 bisitari profesional baino gehiago aurreikusten dira, horietatik % 25 nazioartekoak.

Euskadiko standean parte hartuko duten enpresak:

Rafa Gorrotxategi (Gozogintzako produktuak)

Sarriegui Potato Chips

Nortindal (Txibien tinta)

Añanako Gatza

Delicass (Foie eta ahatetik eratorritako beste produktu batzuk)

La Cocina de Senén (Bosgarren gamako produktu izoztuak eta barazki-xaflak)

Zallo (Arrainen eta itsaskien kontserbak)

La Gilda del Norte (Gildak eta piperminak)

Casa Brigitte (Prestatutako jakiak)

Ederpesca (Bakailao)

Salanort Seafood (Olagarroa eta arrain-kontserbak)

Natuber (Arabako patata-transformatuak)

Gelati!! Gelati!! (Izozki artisauak)

Paturpat (Bosgarren gamako patata)

Zubia (pateak, foie gras, txistorra, produktu izoztuak, barazki-kontserbak)

Casa Eceiza (gozogintzako produktuak)

Agour gaztak

Gorena prekozinatuak

Barrenetxe (Barazki tradizionalak)

Txogitxu (Haragi-produktuak)

Eizaguirre hanburgesak

Ortiz kontserbak

Arroyabe

Cusumano kontserbak

Olasagasti kontserbak

Serrats kontserbak