Kontsumobidek ohartarazi du legea bete behar dela alokairu-iragarkietan, etxebizitza-larrialdiaren aurrean

0

Kontsumobide – Kontsumoko Euskal Institutuak – nabarmendu du oso garrantzitsua dela legea betetzea etxebizitzak alokatzeko iragarkiak argitaratzean, batez ere Euskadin gaur egun dagoen etxebizitza-larrialdiaren testuinguruan.

Azken datuen arabera, aurten 25.695 alokairu-kontratu amaituko dira EAEn, horietatik heren bat Gipuzkoan. Kaleratzeak Stop bezalako gizarte-erakundeek ohartarazi dute errentatzaile askok kontratuak berritzeko aukera emango ez dutela, eta alokairu berriak neurriz kanpoko prezioekin argitaratzen ari direla, inkilinoen eskubideak eta indarrean dagoen araudia urratuta.

Ildo horretan, Kontsumobidek gogorarazi du agentziek eta higiezinen atariek betebehar argiak dituztela, batez ere higiezinak tentsionatutzat jotako eremuetan daudenean. Alokairuaren guztizko prezioari buruzko informazioak guztiz gardena izan behar du, hileko errenta osoa, lotutako nahitaezko gastuak eta edozein komisio edo bitartekaritza-kostu barne, kontsumitzaileak argi eta zehatz jakin dezan errentamenduaren benetako kostua. Gainera, araudiak betekizun espezifikoak ezartzen ditu errentatzaile motaren arabera: jabe partikularren kasuan, nahitaezkoa da aurreko kontratuaren errenta adieraztea, justifikatu gabeko igoerak saihesteko eta prezio historikoekin alderatzea ahalbidetzeko; edukitzaile handien kasuan, aplikatutako erreferentzia-indizearen berri eman behar da, eta indize horren eta eskainitako prezioaren arteko erlazioa azaldu behar da, alokairuak legezko mugen barruan mantentzen direla bermatzeko. Azkenik, agentziek eta higiezinen atariek beren gain hartu behar dute emandako informazioa zuzena dela egiaztatzeko erantzukizuna, iruzurrezko praktikak edo publizitate desleiala saihestekoa, eta bilaketa- eta kontratazio-prozesu osoan zehar aurkeztutako datuak koherenteak eta ulergarriak direla ziurtatzekoa.

Horregatik, Kontsumobidek alokairuko iragarkien zaintza areagotuko du, kontsumoko udal-bulegoekin lankidetza estuan arituz, indarrean dagoen araudia errespetatzen dela bermatzeko eta errentariak legez kanpoko edo espekulaziozko jardunbideetatik babesteko.

Non erreklama dezakete kaltetuek?

  • Kontsumobide: Argitalpenetan higiezinen merkatua gardena izan dadin zaintzeaz arduratzen den erakundea da. Informazio-betebeharrak bete ez direla egiaztatzen duen dokumentazioa aurkezten duten kontsumitzaileen erreklamazioak izapidetzen ditu.
  • Kontsumitzailearen Informaziorako Udal Bulegoak (KIUB): Herritarrengandik hurbilago daudenez, udalek, beren KIUBen bidez, kexak, erreklamazioak eta salaketak informatu, bitartekotza egin eta izapidetzeko eginkizunak dituzte.
  • Euskadiko Kontsumoko Arbitraje Batzordea: gatazkak konpontzeko bide alternatiboa da. Agentzia edo errentatzailea atxikita badaude, laudo loteslea eta betearazlea lor daiteke.
  • Kontsumitzaileen elkarteak: Errentarien interes orokorrak edo kolektiboak defendatzeko ordezkaritza- eta partaidetza-bide gisa jarduten dute.
  • Bide judiziala: Abusuzko klausulen deuseztasuna edo administrazio-bidetik ebatzi ezin izan diren kalte-galeren ordaina eskatzeko.