Eusko Jaurlaritzak 2,5 milioi euro bideratuko ditu LANHITZ deialdira, iaz baino %13,6 gehiago, sektore pribatuan euskararen erabilera eta presentzia indartzeko

0

Eusko Jaurlaritzak LANHITZ dirulaguntzen deialdia onartu du, EAEko sektore pribatuan dauden lantokietan euskararen erabilera eta presentzia areagotzeko helburua duten laguntzak.

2.500.000 euroko diru partida bideratuko da aurten, iaz baino %13,6 gehiago, lau motatako proiektuak laguntzera:

  • Lehenengo multzoa: 250.000 euro entitatean euskara planik izan gabe, euskararen erabilera edota presentzia sustatzeko jarduerak laguntzeko. Gehienez ere, bost urtez jaso ahal izango da dirulaguntza multzo honetan.
  • Bigarren multzoa: 200.000 euro entitatean euskararen egoeraren diagnostikoa egin eta euskara plana diseinatzea, eta, nahi izanez gero, abian jartzeko ekintza solteak egiteko. Urte bakarrean lagunduko dira multzo honetako jarduerak.
  • Hirugarren multzoa: 1.300.000 euro entitatearen euskara plana eta urteko kudeaketa plana oinarri izanda, euskararen erabilera eta presentzia sustatzeko jardueretarako. Ezin izango dira multzo honetako onuradun izan, LANHITZ dirulaguntza 18 urtez jaso dutenak.
  • Laugarren multzoa: 750.000 euro entitateko euskara planak ibilbide luzea izanda, edo euskararen kudeaketan maila aurreratuan egonda, euskara planetik harantzagoko hizkuntza proiektu estrategikoak garatzeko.

Interesdunek hilabeteko epea izango dute eskaerak aurkezteko agindua EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.