Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburu Amaia Barredok gaur goizean adierazi du, Ordiziako Artzain Eguna ospakizunean, “gaur ez diogula omenaldia egiten soilik lanbide bati, baizik eta bizimodu bati, belaunaldiz belaunaldi transmititutako jakintza bati eta gure herriarentzat ezinbestekoa den lan bati ere bai”.
Barredok azpimarratu duenez, “artzaina izatea ez da iraganeko kontu bat, etorkizuneko kontua da; izan ere, artzaintzak jarduera ekonomikoa, paisaia, biodibertsitatea, kultura, komunitatea eta elikadura-burujabetza mantentzen ditu”.
Sailburuak “lehen sektorearen prestigioa eta duintasuna” aldarrikatu ditu, eta nabarmendu duenez, “elikatzen gaituztenak baloratzen ez dituen gizartea ahultzen den gizartea da”.
Halaber, Barredok gogorarazi du Eusko Jaurlaritza epe luzeko ikuspegiarekin ari dela lanean sektorea indartzeko, besteak beste, amaiera fasean dagoen Euskadiko Nekazaritza eta Elikagaigintza Politikaren Lege berriarekin, Landa Garapeneko 2030 Estrategiarekin eta berriki eratutako Landa Garapeneko Euskal Sarearekin.
“Lehen sektorea defendatzea gure herriak, gure lurraldea eta erreleboa, jarduera eta etorkizuna bermatzeko baldintzak defendatzea ere bada”, amaitu du Barredok.






