Langile autonomoentzako gizarte-aurreikuspeneko sistema berriak aurrera egin du Euskadin

0

Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Finantza Sailak Euskadiko langile autonomoei zuzendutako gizarte-aurreikuspen osagarriko sistema berria finkatzen jarraitzen du. 2023ko abenduan Euskadiko hiru merkataritza-ganberekin hitzarmena sinatu ostean, 2024ko amaieran hasi ziren jardunean lehentasunezko lehen enplegu-planak, eta hazkunde-dinamika egonkorra erakusten hasi dira jada.

Agerikoa da langile autonomoen kolektiboaren gizarte-babesa indartu behar dela: kolektibo horrek, historikoki, kotizazio murritzagoak izan ditu Gizarte Segurantzaren lehen zutabean eta, ondorioz, pentsio publiko txikiagoak izan ditu. Hori dela eta, eredu berri horren bidez, pentsio publikoa osatuko duen eta erretiroan diru-sarrera egokiagoak ziurtatuko dituen tresna kolektibo, efiziente eta eskuragarria eskaini nahi da. 2025ean, Euskadiko langile autonomoen batez besteko erretiro-pentsioa hileko 1.191,08 eurokoa izan da, eta besteren konturako langileena, berriz, 2.064,66 eurokoa. Arrakala horri erreparatuta, nabarmena da etorkizuneko prestazioen nahikotasuna hobetuko duten sistema osagarriak artikulatu behar direla.

2024ko abenduan lehenengo planak abian jarri zirenetik, sistemaren ezarpenak modu progresiboan egin du aurrera. Gaur egun, lehentasunezko 12 enplegu-plan daude, eta merkataritza-ganberek bultzatutako lehiaketa publikoaren bidez hautatutako borondatezko gizarte aurreikuspeneko 6 erakundeek kudeatzen dituzte.

Bazkide kopuruaren bilakaerak islatzen du sistema hasi dela langile autonomoak erakartzen. 2024aren amaieran, planek 100 bazkide zituzten; urtebete geroago, zifra 605era igo zen; eta eskuragarri dugun azken datuak, 2026ko otsailaren 28koak, adierazten du 680ra igo dela. Oraindik hasierako fasean egonik ere, datu horiek gero eta interes handiagoa eta hedapen-erritmo jarraitua erakusten dute.

Metatutako eskubide ekonomikoei erreparatuta ere etengabeko bilakaera ikus daiteke: 2024ko itxierako ia 493.000 eurotik, 2025eko itxierako 3,2 milioi eurora pasa zen, eta gaur egun 3,5 milioi eurotik gora dira.

Lehen datu agregatuek erakusten dituzte sisteman sartzea erabaki duten langile autonomoen profilari buruzko joerak:

– % 63,53 gizonak dira

– % 36,47 emakumeak dira

– Batez besteko adin haztatua: 53,74 urte

Eusko Jaurlaritzak eta merkataritza-ganberek bultzatutako sistema berariaz diseinatu zen langile autonomoen kolektiboaren berezitasunei erantzuteko. Funtsezko elementuen artean nabarmentzen dira:

– % 0,50era mugatutako administrazio-gastuak.

– Prestazioak lehentasunez errenta moduan jasotzea.

– Kolektiboak zuzenean parte hartzea Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Erakundeen gobernu-organoetan.

– Aldizkako ekarpenak eta aparteko ekarpenak egiteko aukera.

– Enplegatuak dituzten langile autonomoak ez diskriminatzeko printzipioa.

Gizarte-aurreikuspeneko sistemetan egindako ekarpenei aplika dakizkiekeen onura fiskalez gain, langile autonomoek muga gehigarri espezifikoa dute lehentasunezko enplegu-planei egin beharreko ekarpenetarako, eta, horri esker, pizgarri fiskal indartua eskura dezakete.

Langile autonomoentzako lehentasunezko enplegu-planak Euskadin langile autonomoen kolektiboaren gizarte-babesa indartzeko egiturazko urratsa dira. Eusko Jaurlaritzak aditzera eman du, epe ertain eta luzerako proiektua izanik, oraindik hedapenaren hasierako fasean badago ere, finkatzen ari dela. Bilakaera positiboa izaten ari da, bai bazkideen kopuruari dagokionez, bai kudeatutako eskubide ekonomikoei dagokienez.