Eusko Jaurlaritzak 3,2 milioiko diru-laguntza deialdia egin du, itunpeko ikastetxeetan Lanbide Heziketako proiektu estrategikoak sustatzeko

0
  • Helburua da Lanbide Heziketaren berrikuntza, espezializazioa eta egokitzapena indartzea ekoizpen-sarearen beharretara, Euskadiko Lanbide Heziketako 2030 Estrategiaren esparruan

Gobernu Kontseiluak, Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburuak proposatuta, diru-laguntzen deialdia onartu du, 2026-2027 ikasturtean Lanbide Heziketako heziketa-zikloak ematen dituzten itunpeko ikastetxe pribatuei zuzenduta, Euskadiko Lanbide Heziketako 2030 Estrategia hedatzeko eremu estrategikoen jarduera-ildoak garatzeko.

Deialdiak 3.228.975 euroko diru-zuzkidura du, eta Euskadiko Lanbide Heziketako sistema eraldatzen eta hobetzen lagunduko duten proiektu estrategikoetan ikastetxeen parte-hartze aktiboa bultzatzea du helburu.

Zehazki, laguntzei esker, irakasleen liberazio osoa edo partziala finantzatu ahal izango da, lehentasunezkotzat jotzen diren esparruei lotutako jarduerak egin ahal izan ditzaten, hala nola berrikuntza aplikatua, ekintzailetza aktiboa, digitalizazioa edo Lanbide Heziketako ikastetxeen eredu berria.

Dedikazio horri esker, parte hartzen duten irakasleek ikerketa-lanak egin ahal izango dituzte, berrikuntza-proiektuetan lagundu ahal izango dute eta harreman zuzena izan ahal izango dute enpresekin. Horrek guztiak erraztu egiten du ezagutzak eta gaitasunak etengabe eguneratzea. Ezagutza hori ikasgelan, irakasle-taldeetan eta ikastetxe guztietan zabalduko da gero, eta Euskadiko ekoizpen-errealitatearekin lotutako ezagutza sortzeko, aplikatzeko eta transferitzeko ekosistema bat bultzatuko du.

Jarduera horiek Euskadiko Lanbide Heziketako 2030 Estrategiaren hedapenaren parte dira. Estrategia horren arabera, Lanbide Heziketa funtsezko elementua da pertsonen enplegagarritasuna hobetzeko eta euskal ekoizpen-sarearen lehiakortasuna indartzeko, eraldaketa teknologiko eta ekonomikoko testuinguru batean.

Esparru horretan, 2026-2027 ikasturterako, estrategiaren eremu estrategikoekin lotutako 52 jarduera zehaztu dira guztira, talentuaren garapena, ikaskuntza-eredu berriak, berrikuntza teknologikoa, ezagutzaren transferentzia edo jasangarritasuna barne hartzen dituztenak.

2026-2027 ikasturtean Euskadin Lanbide Heziketako heziketa-zikloak ematen dituzten itunpeko ikastetxe pribatuek eskuratu ahal izango dituzte laguntza horiek. Eskaerak elektronikoki aurkeztuko dira, deialdian ezarritako prozeduraren arabera.

Deialdi honen bidez, Hezkuntza Sailak indartu egiten du Lanbide Heziketa aurreratu, berritzaile eta produkzio-sektoreen benetako beharrekin konektatuaren aldeko apustua, ikastetxeen eta irakasleen zeregina finkatuz, Euskadiko hezkuntza- eta ekonomia-sistemaren eraldaketan funtsezko eragile gisa.