- Gaur goizean Bilboko Foru Jauregiaren aurrealdean aurkeztu du balmasedarrak datorren apirilaren 25-26an Austrian hasiko den Txapelketan erabiliko duen barchetta.
- Eserleku bakarreko Nova NP-01 autoak bilakaera berriak, elektronika berria eta buruan jartzea derrigorra den haloa izango ditu denboraldi honetarako, azken hori baldintza berria baita oraingoan eta pilotuen segurtasunerako benetan Gainera, denboraldi honetan, Europa zeharkatzeko erabili izan dituen furgoneta eta atoia albo batera utzi, eta motorhome kamioi bat eskuratu du, txapelketari “berme handienekin” aurre egin ahal izateko.
- Joseba Iraolaren eserleku bakarreko Euskal Selekzioa autoak EKFBren, Eusko Jaurlaritzaren, Bizkaiko Foru Aldundiaren, Bilboko Udalaren, Petronorren, Instxausti Taldearen, Balmasedako Udalaren, Hurbizconsen eta Euskadiko Automobilismo Federazioaren babesa du.
Joseba Iraola pilotuak eserleku bakarreko Euskal Selekzioa autoa aurkeztu du gaur goizean Bizkaiko Foru Jauregian. Ibilgailu horrekin, 2023an Mendi Lasterketetan lortutako Europako txapeldun titulua berresten saiatuko da, ESC2 mailan, Austrian apirilaren 25ean eta 26an hasiko den lehiaketa batean. Iaz, Iraolak hirugarren amaitu zuen txapelketan, eta 11 lasterketetatik 7tan igo zen podiumera, “lehiakideek baino askoz baliabide gutxiagorekin eta gainerakoen aurrekontuaren erdiarekin ia”.
Honako hauek parte hartu dute ekitaldian: Elixabete Etxanobe Bizkaiko ahaldun nagusia, Ibone Bengoetxea lehen lehendakariordea eta Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua, Angel Gurrutxaga Euskal Kirol Federazioen Batasuneko (EKFB) lehendakaria, Itxaso Erroteta Bilboko Udaleko Gazteria eta Kirol zinegotzia, Leixuri Arrizabalaga Euskara, Kultura eta Kirol diputatua, Gorka Iturriaga Eusko Jaurlaritzako Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Saileko zuzendaria, Alfonso San Vicente eta Paula de Jorge Balmasedako alkatea eta zinegotzia, Carlos Sergio Bizkaiko Foru Aldundiko Kirol Saileko zuzendaria eta Marcos Muro Bilbao Kirolak-eko zuzendari nagusia.
Denboraldi honetarako, eserleku bakarreko Nova NP-01 barchettak elektronika osotu eta berria eta buruan jartzea derrigorra den haloa izango ditu, azken hori baldintza berria baita oraingoan eta pilotuen segurtasunerako benetan garrantzitsua. Hala, pilotuak Txapelketa bat irabazteko ilusioarekin ekingo dio erronkari –edizio honetan 10 proba izango dira–, baina onartu du “berriro top 3an sailkatzea emaitza ona” izango litzatekeela. “Azken urteotan pilotu oso onak iritsi dira txapelketara, aurrekontu handiak dituzten pilotuak”, nabarmendu du.
Gainera, Iraolak motorhome kamioi berri bat aurkeztu du, taldeari logistikan, lan mekanikoan eta ordezko lanetan kalitate aldetik jauzi bat egiteko aukera emango diona. “Urte askoren ondoren, azkenean motorhome kamioi bat edukitzeak izugarri erraztuko digu txapelketa. Ostatu eta desplazamenduetan laguntzeaz gain, asteburuan in situ lan egiteko aukera ere emango digu; alegia, gure ordezko piezekin, ordezko elektrikoekin… arituta, beste pilotu eta ekipoen laguntza eta mailegu mekanikoen menpe egon gabe”. Euskal Selekzioko pilotuak adierazi duenez, “jauzi ikaragarria da txapelketari berme handienekin aurre egiteko. Orain arte furgonetan eta autoa eramateko atoi batekin ibiltzen ginen Europan zehar”.
Pilotuak berriz ere eskerrak eman nahi izan dizkie Euskal Kirol Federazioen Batasunari (EKFB), Eusko Jaurlaritzari, Bizkaiko Foru Aldundiari, Bilboko Udalari, Petronorri, Instxausti Taldeari, Balmasedako Udalari, Hurbizconsi eta Euskadiko Automobilismo Federazioari, eman dioten babesagatik. “Horien guztien laguntzarik gabe abentura hau ezinezkoa litzateke. Baldintzarik gabeko babes horrek parte hartzeko aukera emateaz gain, lehiatzeko eta urtetik urtera lasterketa erritmoa hobetu ahal izateko aukera ematen digu”, azpimarratu du. Iraolak ez ditu zaleak ahaztu. “Zalantzarik gabe, aurreko denboraldiko unerik politena Fitoko Nazioarteko Igoera izan zen, 15.000 ikusleren aurrean egindakoa, horietako asko eta asko Balmasedatik, Bizkaitik eta Euskaditik etorritakoak”, esan du.
Sari garrantzitsuak
Automobilismoaren munduan berandu samar hasi bazen ere, Joseba Iraolak sari zerrenda oparoa du Mendi Lasterketen modalitatean. 2023an, CN/E2-SC kategorian lehen titulua lortu zuen; 2024an, onenen artean egoteko zeukan dinamikari eutsi zion, kategorian bigarren postu bat lortu baitzuen; eta 2025ean, hirugarrena izan zen bere kategorian. Iraolak zazpi podium lortu zituen aurreko denboraldian eserleku bakarreko bere Nova NP01 autoarekin. “Penaz, Suitzan lehen lasterketatik bertatik arazo mekanikoak izan nituelako, eta, Eslovenian, ezustekoa, istripu gogorra izan nuelako euria egin zuen lehen entrenamenduetan”, nabarmendu du. Horrek guztiak hasieratik bertatik urrundu zuten lidergotik.
2023an Iraolak Europako Txapelketa irabazi zuen, podiuma lortu baitzuen Txapelketak zituen 10 probetan: 5 garaipen, 3 bigarren postu eta hirugarren postu bat. Bestalde, balmasedarra Espainiako Txapelduna da Mendi Lasterketetan eta Portugalgo Munduko Mendi Txapelketan bosgarren izan zen 2021ean. Gainera, 13 urte inguruko ibilbidean 100 lasterketa baino gehiago irabazi ditu.






