- Euskadik 14 enpresekin parte hartuko du Seafood Expo Global ferian, nazioartean arrantzaren eraldaketa-industriaren eta balio-katearen presentzia indartuz
- “Nazioarteko topaketa hau aukera estrategikoa da Euskadiko arrantzaren proiekzioa finkatzeko kanpoaldean eta negozio-bide berriak irekitzeko funtsezko merkatuetan”, adierazi du Arrantza, Portu eta Itsasertzeko sailburuorde den Leandro Azkuek
Eusko Jaurlaritzak arrantzaren eraldaketa-industriaren partaidetza bultzatzen du Seafood Expo Global feriaren 32. edizioan, gaurtik apirilaren 23ra arte egingo den Gran Viako Fira Barcelona barrutian. Nazioarteko erakusleiho nagusi bat da itsas produktuen sektorerako, eta 80 herrialdetik gorako 2.500 enpresa baino gehiago bilduko dira.
Guztira, Euskadiko 14 enpresak parte hartuko dute feriaren edizio honetan, Eusko Jaurlaritzaren erakunde-standaren barruan eta feriako beste eremu batzuetan. Standa 4. pabiloian dago, eta sektoreko zazpi konpainia elkartzen ditu: Conservas Cusumano, Congelados Sorymar, Nortindal Sea Products, Alkorta Anaiak, Alkorta Food Solutions, Conservas Ortiz eta Kofradia Basque Seafood.
Aurrekoei batu behar zaizkie Euskadiko beste enpresa batzuk. Horiek banakako presentzia dute edo industria laguntzailearen eremuan daude, besteak beste, Angulas Aguinaga, Newfish, Salica Industria Alimentaria, Ondarroako Itsas Zabaleko Ekoizleen Elkartea, ULMA Packaging, KUARI Engineering Quality edo Transportes INDO. Hortaz, Euskadiko arrantza-sektorearen balio-katea ikusgaiagoa egiten da nazioarteko merkatuan.
Partaidetza elkartua Euskadiko nekazaritzako elikagaien industria nazioartekotzeko estrategiaren esparruan kokatzen da, Euskadiko Elikagaien Industriaren 2026ko Sustapen Planaren barruan, sektoreko enpresen presentzia indartzeko kanpoaldean eta posizioa finkatzeko merkatu estrategikoetan.
“Feria honetan egoteari esker, Euskadiko arrantza-sektorearen indarra, kalitatea eta berritzeko gaitasuna erakuts daitezke oso lehiakorra den eszenatoki global batean”, nabarmendu du Arrantza, Portu eta Itsasertzeko sailburuorde den Leandro Azkuek.
Enpresa partaideen artean, azpimarragarria da Kofradia Basque Seafood, Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailak bultzatu duen proiektua, Bizkaiko eta Gipuzkoako arrantzaleen kofradiekin batera, arrainaren balio-katea indartzeko eta merkaturatze-eredu berrietan aurrera egiteko produktu fresko izoztuak eta prestatuak integratuz.
Kofradia Basque Seafood proiektuak hasiera batean ia 3 milioi euroko inbertsioa egin du, eta 25 enplegu zuzen sortu nahi ditu abiarazte-fasean. Bere jarduera Berriatua, Getaria eta Bermeoko hiru planten inguruan antolatuko du. Haietan arrain freskoko, izoztuko eta eraldatutako produktuak garatuko dira, kontserbatzeko teknologiak sartzeaz gain, hala nola banakako izozketa azkarra (IQF), kalitatea hobetu eta produktua urte osoan eskuragarri izateko.
Seafood Expo Global feriak aurten bere 32. edizioa du, eta topagune nagusi bihurtu da nazioartean arrantzaren sektoreko ekoizleentzat, eraldatzaileentzat, banatzaileentzat eta enpresa teknologikoentzat.
Euskadiren presentziak nazioarteko topaketa honetan sektorea nazioartekotzeko estrategia indartzen du, eta bere erreferentzia sendotzen da kalitatearen, berrikuntzaren eta aniztasunaren arloetan Europako elikagaien industriaren barruan.






