- Erakundeetako ordezkariek eta nazioarteko adituek atzerapauso globalen aurrean berdintasuna indartzeko estrategiak aztertu dituzte
- Jardunaldia Eusko Legebiltzarrak eta Emakundek antolatu dute, Emakumeen Institutuarekin lankidetzan
Gure gizartean lekua irabazten ari diren berdintasunaren, giza eskubideen eta demokraziaren aurkako diskurtsoei aurre egiteko modurik eraginkorrenari buruz hausnartzea da helburua.
Inaugurazioa Eusko Legebiltzarreko presidenteak, Emakundeko zuzendariak eta Espainiako Emakumearen Institutuko zuzendariak egin dute. Jardunaldia irekitzerakoan, Eusko Legebiltzarreko presidente Bakartxo Tejeriak “euskal erakundeek emakumeen eta gizonen arteko berdintasunarekin duten konpromiso irmoa” azpimarratu du. “Euskal gizartearekin batera egindako lanari esker” izandako aurrerapena azpimarratu ostean, “maila globalean bizitzen ari garen eskubideen eta askatasunen inboluzio kezkagarriak emakumeen eta gizonen berdintasunari ere eragiten diola” ohartarazi du. “Aurrera egitea zailtzeaz gain, lortutakoa mehatxatzen duen inboluzio hori” aurre egiteko, “erne egotearen eta lanean jarraitzearen” alde egin du, “emakumeen eta gizonen berdintasuna, giza eskubideaz gain, premia estrategikoa delako demokrazian sakontzeko eta gizarte justuago, kohesionatuago eta garatuago bat eraikitzeko, sozialki eta ekonomikoki”.
Ondoren, Miren Elgarresta Emakundeko zuzendariak gogorarazi du «legea aldatu dela, baina gizartea ere aldatu behar dela«, berdintasunerako legean sartutako aldaketak errepasatu eta balioetsi ondoren. Izan ere, lege horrek, besteak beste, berdintasun-planak sortu ditu erakundeetan. Azkenik, Espainiako Emakumearen Institutuko zuzendari Cristina Hernandezek diskurtso instituzional horiek itxi ditu, eta eskerrak eman dizkie bai Legebiltzarkide gizonei, gai honetan duten inplikazioagatik, bai Eusko Legebiltzarrari eta Emakunderi, bizi ditugun garai konplexuei aurre egiteko erakundeen arteko aliantzak sortzeagatik.
Jarraian, egungo testuinguruari aurre egiteko esperientziak eta proposamenak landu dituzten espezialistei eman zaie lekua. Zehazki, honako hauek parte hartu dute: Yulia Netesova, OSCEko Erakunde Demokratiko eta Giza Eskubideetarako Bulegoko Gobernantza Demokratiko eta Generoko Unitateko burua; Helena Argerich i Terradas, Kataluniako Parlamentuko Berdintasun Bulegoko berdintasun-teknikaria; José Campi-Portaluppi, Equimundoko Komunikazio eta Zabalkundeko zuzendaria; eta Jennifer Rodríguez Bruno, MenEngagee Global Allianceko Sustapen Globaleko gerentea.
Jardunaldia amaitzeko, hizlarien eta bertaratuen arteko hausnarketa- eta truke-gune bat sortu da, Marina Subirats-ek moderatua, eztabaida sustatzeko eta erakundeekiko berdintasunarekiko konpromisoa sendotzen lagunduko duten ikuspegiak partekatzeko.






