- Gobernu Kontseiluak, gaur goizean, Bizkaiko Foru Aldundiarekin akordioa sinatzea baimendu du, Bilboko hegoaldeko goiko auzoak garraio publikoko sistema horrekin lotuko dituen metro-linea berria eraiki eta finantzatzeko
Susana García Chueca Mugikortasun Jasangarriaren sailburuak positibotzat jo du astearte honetan Gobernu Kontseiluak Bilboko metropoli-trenbidearen 4. linea finantzatzeko eta eraikitzeko hitzarmena onartu izana. Akordio hori Bizkaiko Foru Aldundiarekin itxi da, eta datozen asteetan izenpetuko da lurralde-erakundearekin. Akordio horrek 6,7 kilometroko trazadura berria eta beste sei geltoki barne hartzen ditu, Bilbo hegoaldeko goi-auzoak, Irala eta Errekalde garraio publiko jasangarriko sistema horren bidez lotu daitezen.
García Chuecak aditzera eman duenez, hitzarmenaren xehetasuna Eusko Jaurlaritzaren eta foru-administrazioaren arteko “negoziazio-lan handiaren emaitza” da, “Bilbo hegoaldeko goi-auzoetako biztanleek hainbeste aldarrikatu duten metropoli-trenbidearekiko konexioa izan dezaten”. Garraioko arduradunak nabarmendu du L4 linearen eraikuntza —legealdi honetan martxan dauden beste proiektu handi batzuekin batera, L5 linea esaterako—, “funtsezkoa da datozen hamarkadetarako Bizkaiko mugikortasunean”, “aukera emango baitu, zalantzarik gabe, lurralde historiko hori mugikortasun jasangarriaren erreferente izan dadin”.
Hori lortzera begira, sailburuak aditzera eman duenez, Gobernu Kontseiluak gaur egin duenaren moduko urrats administratiboak alde batera utzita, Euskal Trenbide Sarea (ETS) —Mugikortasun Jasangarriaren Sailaren mendeko erakunde publikoa— ere aurrera egiten ari da obren lizitazioaren aurretik egin beharreko azterketa eta proiektuekin. Ahalik eta arinen egin nahi da aurrera, “L4 linearen obrei lehenbailehen ekin dakien”, eta nabarmendu du ETSk proiektuak “bizkortu” nahi dituela. Hori guztia, “obrak 2027 amaitu baino lehen hasteko helburuarekin”, jakinarazi du.






