LIFE IP Urban Klima 2050 proiektuak, Ihobe buru duela, anfitrioi gisa jarduten du eta ekintza klimatikoaren euskal eredua erakusten du, lurraldean gobernantzan, finantzaketan eta ekintzan oinarritzen dena
-
Topaketak LIFE programako 24 proiektutako arduradunak biltzen ditu apirilaren 21etik 23ra Bilbon klima-aldaketa arintzeko eta klima-aldaketara egokitzeko aurrerapenak partekatzeko
-
Programan Bermeoko, Bakioko eta Bilboko jarduketetara egingo diren bisitak sartzen dira, naturan eta hiri-plangintzan oinarritutako soluzioen adibide gisa
Eusko Jaurlaritzaren Ihobe sozietate publikoa buru duen LIFE IP Urban Klima 2050 proiektuak LIFE Platform Meeting on Climate Strategic Integrated Projects ekimena garatzen du gaurtik apirilaren 23ra bitartean Bilbon, LIFE programako 24 proiektu integratu eta estrategikoren arduradunak biltzen dituen topaketa europarra, klima-aldaketa arintzeko eta horretara egokitzeko aurrerapenak partekatzeko.
Alexander Boto Bastegietak, Ihobeko zuzendari nagusiak, eman dio hasiera topaketari eta azpimarratu duen bezala «Euskadik klima-plangintza lurraldeko jarduera zehatzetara eramateko adibidea eskaintzen du; lan hau administrazioen, eragileen eta ezagutza teknikoaren arteko lankidetzaren bidez garatzen da, lurraldearen erresilientzian benetako eragina sortuz, adibidez LIFE Urban Klima 2050 proiektuarekin». Europako Batzordeko DG CLIMAko zuzendari nagusia den Kurt Vandenberghe jaunak bideo-mezu baten bidez eskertu du hitzorduak Euskadin izan duen harrera. Nabarmendu duenez, “zatiketa geopolitikoen eta metatzen ari diren presio ekonomikoen garaian gaude gaur egun, eta inoiz baino baliotsuagoak dira klima-politikak ezartzeko hausnarketa- eta jarduketa-mota koordinatu horiek”.
Inaugurazio-programa osatzeko Adolfo Uriarte Villalbak, Eusko Jaurlaritzako Natura Ondarearen eta Klima Aldaketarekiko Egokitzapenaren zuzendariak, LIFE IP Urban Klima 2050 proiektuari buruzko hitzaldia eskaini du eta, era berean, gobernantzari, funtsen mobilizazioari eta gaitasunen garapenari buruzko mahai-inguruan parte hartu du.
LIFE Platform Meeting hau Euskadin garatzeak plangintza estrategikoa, proiektu pilotuen garapena eta administrazioko maila ezberdinen eta lurraldeko agenteen arteko lankidetza uztartzen dituen eredu batean oinarrituta lurraldean ekintza klimatikoaren arloan egindako lana azpimarratzen du, LIFE IP Urban Klima 2050 proiektuak erakutsi duen bezala. Egiaztatu da proiektu hau funtsezko tresna dela Euskadin ekintza klimatikoa hedatzeko, plangintza energetikoa eta klimatikoa lurraldeko jarduera zehatzetara eraman baitu.
Maila anitzeko eta eragile anitzeko gobernantzaren ikuspegiaren bidez Urban Klima 2050 gai izan da administrazio publikoen, zentro teknologikoen eta toki-erakundeen ikuspegia eta ezagutza lan-eredu partekatuan txertatzeko. Ikuspegi honi esker jarduketak egin ahal izan dira kostaldean, ibaietan eta hirietan uholde-arriskua murrizteko, lurraldearen erresilientzia hobetzeko eta klima-aldaketaren ondorioetara egokitzeko. Bereziki nabarmentzekoak dira hiri-inguruneetako soluzio naturaletan oinarritutako esku-hartzeak, ibai-ibilguetako jarduketak eta arrisku klimatikoa monitorizatzeko eta aztertzeko sistemen garapena.
Urban Klima proiektua gauzatzearen azken urtean dago, aurrekontuaren % 80 inguru betearaztera iritsi da eta aurreikusitako ekintzen % 80 inguru amaituta daude, eta esanguratsua da Euskadin klima-aldaketa egokitzeko eta arintzeko egiten duen ekarpena.
Ingurumen-ekarpenaz eta klima-aldaketara egokitzeaz gain, proiektuak eragin positiboa du EAEko ekonomia-sarean. LIFE IP Urban Klima 2050 proiektuaren eragin sozioekonomikoaren azterketaren arabera, lehen bi faseetan (2019-2021 eta 2022-2023), 7 milioi euro inguruko inpaktua sortu du BPGan eta, era berean, 100 lanpostu ingururi eustea eragin du, lurraldean efektu ukigarriak izango dituen trantsizio klimatikoa bultzatzeko tresna gisa duen eginkizuna indartuz.
Topaketan zehar, Europako ordezkaritzek LIFE Urban Klima 2050 programak garatutako aurrerapen horietako batzuk zuzenean ezagutzeko aukera izango dute; izan ere, programan Bermeoko Tonpoi eremuko gizarte- eta ingurumen-lehengoratzea bezalako esku-hartzeetarako bisita teknikoak sartu dira, edo Bakion arriskua kudeatzeko soluzio naturaletan oinarrituta Estepona ibaian uholdeetatik babesteko egin diren jarduketak. Programa osatzeko bisita bat egingo da Bilbon, naturan oinarritutako soluzioak hiri-plangintzan integratzearen adibide gisa María Díaz de Haro kalearen inguruan garatutako jarduketak aurkezteko.
Bigarren jardunaldian euskal ekimenen ezarpena bertatik bertara ezagutu ondoren, topaketaren itxierak ekintza klimatikoaren erronka globaletan jarriko du arreta. Lehentasunen artean, naturan oinarritutako soluzioak garatzea nabarmentzen da, ekosistemen erresilientzia indartzeko, trantsizio energetikoa bultzatzeko eta deskarbonizazioa sustatzeko. Azken batean Platform Meeting honek topaketa-gunea eratu nahi du, non ekintza klimatikoan integratuta dauden eta estrategikoak diren LIFE proiektu nagusiek etorkizunean Europa sarean eraikitzen jarraituko duten, karbonoan neutroa, bizigarriagoa eta erresilienteagoa klima-aldaketaren inpaktu gero eta nabarmenagoen aurrean.
Platform Meeting: ezagutza eta soluzioak trukatzeko foroa
Topaketa Europako Batzordeak eta Klimaren, Azpiegituren eta Ingurumenaren Europako Agentzia Betearazleak (CINEA) bultzatutako plataformaren bileren parte da. Bilera hauen xedea ekintza klimatikoaren eremuan LIFE proiektuen artean esperientziak trukatzea eta batera ikastea sustatzea da.
LIFE programa ingurumena eta klimaren aldeko ekintza finantzatzeko Europar Batasunaren tresna da, eta irtenbide berritzaileak garatzeko eta Europa osoan aplikatzeko katalizatzaile gisa jarduten du. 1992tik, 6.000 proiektu estandar baino gehiago finantzatu ditu, eta, 2014tik, 100 proiektu estrategiko baino gehiago.






