Eusko Jaurlaritzak, Industria Sailaren eta Ogasun Sailaren bitartez, 50 milioi euroko HAZTEN SCALE-UP arrisku-kapitaleko funtsa sortu du. Funts hori Euskal Herriko Arrisku Kapitalaren Kudeaketa sozietateak kudeatuko du.
Funts horrek Eusko Jaurlaritzak startupen hazkundea scale up fasean bizkortzeko duen ahalmena indartuko du.
Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburu Mikel Jauregik adierazi duenez, “industria-eraldaketaren garai honetan, Eusko Jaurlaritzak euskal startupen hazkundea bultzatzeko apustua egin du. Inoiz baino beharrezkoagoa da industria-ehun berria sortzeko”.
Mikel Jauregik gaineratu duenez, “Euskadi erreferentzia da startupen sorkuntzan, gure zentro zientifiko eta teknologikoen ezagutza aurreratutik abiatuta. Startup horiek kapitala eskatzen digute hazteko, negozio bideragarri eta jasangarri bihurtzeko eta tamaina handiagoa izateko”.
Haren ustez, “funts honen bitartez, halaber, inbertsioa dinamizatzen dugu kapital pribatuarekin batera, eta lankidetza publiko-pribatua sustatzen dugu. Ezagutza aurreratuko startupak bizkorrago hazi daitezen egiten dugu hori. Funts publiko-pribatu propioak erabiltzeak gure proiektuak sustraitzen ere lagunduko du”.
Eusko Jaurlaritzak euskal industria-ehun berria sortzeko bultzatu nahi du startupen hazkundea. Funts horren inbertsioak Euskadi 2030 Industria Planeko HAZI sektoreetara bideratuko dira batez ere: sektore aeroespazialera, biosanitariora, soluzio aurreratuetara, sare adimendunetara, biltegiratzera eta erregai berriztagarrietara.
Funts horren sorrerak Euskadi 2030 Industria Plana betetzen du, Euskadi Eraldatuz 2030 planari jarraikiz eta harekin bat etorriz.
Funts horrek Eusko Jaurlaritzak Finantzen Euskal Institutuaren (FEI) bitartez iragarri zuen “Eskalagarritasunean Inbertitzeko Programaren” deialdia osatuko du. Euskadi Eraldatuz 2030 planaren hedapenean kokatzen da, Eusko Jaurlaritzak Euskal Finantza Aliantzan duen konpromisoaren barruan. 1.000 milioi euroko inbertsio publikoa aurreikusten du, 3.000 milioi eurora bitarteko inbertsio pribatua mobilizatzeko.
Euskal Finantza Aliantza funtsezko tresna da euskal produkzio-ehunaren eraldaketa bizkortzeko. Funtsezko tresna egitura-aldaketen eta erronka globalen testuinguru batean: trantsizio energetikoa, digitalizazioa, zahartze demografikoa edo autonomia estrategikoa.
Gaur egun, Planaren hainbat mugarri abian dira dagoeneko. Adibidez, honako hauek: industriarako zuzeneko finantzaketako Indartuz lerroa abiaraztea, enpresak eraldatzeko proiektuetarako maileguen eta abalen bidez; Finkatuz funtsa trakzio-enpresak sustraitzeko tresna gisa indartzea eta egokitzea, duela gutxi egindako erreferentziazko eragiketen bidez; eta Indartuz sozietatea sortzea, zor malguaren, enpresen eskalagarritasunaren, azpiegitura aurreratuen eta trantsizio sozialaren esparruetan inbertsio eraldatzaile handiak egiteko.
Testuinguru horretan, datozen hilabeteetan Planean aurreikusitako ekimen berriak hedatuko dira. Haien artean, honako hauek: Elkargiren bidez abalatutako finantzaketa-lerroak, Indartuzen inbertsio-programa berriak, eta Euskal Herriko Arrisku Kapitalaren Kudeaketa sozietateak kudeatutako arrisku-kapitaleko bi funts berri (horien artean, Hazten, industria berria eta sektore emergenteak bultzatzeko helburuarekin).






