Aireportuen Aldebiko Organoa ofizialki eratuta

0

Lantaldearen lehen zeregina Dora III dokumentuari ekarpenak egitea izango da

Maria Ubarretxena Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburuak gaur Radio Euskadin egindako elkarrizketan iragarri du, dagoeneko eratuta dagoela Aireportuen Aldebiko Organoa.

Sailburuak azaldu duenez, Eusko Jaurlaritzako lau kidek eta Gobernu Zentraleko beste lauk osatzen dute organo hori eta lantaldearen lehen zeregina izango da Dora III dokumenturako proposamenak egitea. Ubarretxenak adierazi duenez, lehen aldiz, Eusko Jaurlaritzak euskal aireportuei dagozkien erabakietan parte hartzeko gaitasuna izango du.

Eskualdatzeke dauden gainerako eskumenei dagokienez, sailburuak adierazi du negoziazioek aurrera jarraitzen dutela ministerio ezberdinekin, » negoziazioak luzeak dira, konplexuak, baina orain arte, akordio oso garrantzitsuak lortu ditugu, eta Gizarte Segurantzaren arloan ere aurrerapauso garrantzitsuak eman dira, langabezia-prestazioen kudeaketaren transferentziarekin, adibidez, beraz ez gara hutsetik abiatzen», zehaztu du.

Portuei dagokienez, Ubarretxenak esan du  erabakiak aldebikoa izan beharko duela eta proposamen guztiak izango direla ongietorriak eraikitzaileak badira;  «Pasaiako portua estrategikoa da Gipuzkoarentzat eta Pasaiarentzat onena dena defendatuko dugu», berretsi  du.

Gardentasun Legearen onarpena

Laster onartuko da Eusko Legebiltzarrean Gardentasun Legea eta horren harira,  sailburuak adierazi du «oso albiste ona dela, Euskadik gardentasun-lege bat izango duelako”;  Euskadik, baina, denbora darama Gobernu Onaren arloan lanean eta gardentasunari buruzko nazioarteko rankingetan podiumean dago; lege oso garrantzitsua da guretzat, gardentasunean sakontzeko aukera emango digulako eta Gardena, Gardentasunaren Euskal Agintaritzaren sorrera ahalbideratuko duelako. Gardenaren lehendakaritza Eusko Legebiltzarrak berak izendatuko du», azaldu du.

Azkenik, Euskadiri ere eragiten ari zaion ziurgabetasun globalaren eta testuinguru geopolitiko konplexuaren aurrean, sailburuak adierazi du prest egon behar dugula, “gobernu honek  ezkutu sozial eta industrialaren aldeko apustua egin du, etor daitekeenaren aurrean prest egon gaitezen».