- Elena Pérez Barredo Lan eta Gizarte Segurantzako sailburuordeak dio “benetako erronka” dela kaltea saihesteaz gain, “osasuna sortuko duten lanpostuak gauzatzea”
- “Lanaren antolaketan, kargetan eta denboretan, partehartzean, egonkortasunean, lidergoan eta benetako prebentzio-kultura sendotzean fokua jarriko duten lan-inguruneen” aldeko apustua egin du Lourdes Íscar Osalaneko zuzendari nagusiak
Osalanek lan-arriskuen prebentzioari buruzko sentsibilizazio-kanpaina berria aurkeztu du gaur, bihar, apirilak 28, ospatuko den Laneko Segurtasun eta Osasunaren Munduko Egunaren esparruan. Ekimen honekin, Osalanek bat egiten du aurten ere Lanaren Nazioarteko Erakundeak (LANE) eta Laneko Segurtasun eta Osasunerako Europako Agentziak nazioartean bultzatutako ekintzekin, aurten lan-ingurune psikosozial osasungarriak bermatzeko beharra ardatz hartuta.
Lan eta Gizarte Segurantzako sailburuorde Elena Pérez Barredok eta Osalaneko zuzendari nagusi Lourdes Íscar Reinak aurkeztu dute kanpaina, «Laneko ongizatea sustatzen dugu» lelopean. Horren arabera, ongizate fisikoa, mentala eta soziala funtsezko ardatza dira laneko arriskuen prebentzioan eta lanaren etorkizunean.
Aurkezpenean gogorarazi da Espainiako Gobernuak 2026. urtea Laneko Segurtasun eta Osasunaren Urtea izendatu duela, Laneko Arriskuen Prebentzioari buruzko Legearen 30. urteurrenean.
Elena Pérez Barredo sailburuordeak azpimarratu duenez, “Laneko Segurtasun eta Osasunaren Munduko Egun honetan konpromiso sendo eta partekatu bat berritu nahi dugu: langileen bizitza, osasuna eta ongizatea babestea”. Ildo horretan, gogorarazi du “prebentzioaz hitz egitea gaur egun ongizateaz hitz egitea” dela, eta lanak ez duela “gorputzean bakarrik eragiten; buruan, harremanetan eta bizitza pertsonalean ere eragiten du”. Era berean, Pérez Barredok nabarmendu du ezbehar-tasa murriztea “ezinbestekoa” dela, “baina ez nahikoa”, eta “benetako erronka da kaltea saihesteaz gain, osasuna sortzen duten lanak gauzatzea”.
Testuinguru horretan, Osalanek azpimarratu du laneko arriskuen prebentzioa araudia betetzetik eta lanaren alderdi fisikoetatik harago joan behar dela, eta benetan eta eraginkortasunez integratu behar dela erakundeen eguneroko kudeaketan. Komunikazio argia, prebentzio-ikuspegidun plangintza eta lanaren antolaketa koherentea, langileen parte-hartze aktiboarekin batera, funtsezko ikuspegia dira arriskuak, bereziki psikosozialak, aurreikusteko eta laneko ongizatea eta osasuna babesteko.
Era berean, Osalanek balioa eman die Arrisku Psikosozialen Kudeaketa Maparen bidez egiten ari den lanari, urteko jarduera-planei, Laneko Segurtasun eta Osasunerako 2021 ‑ 2026ko Euskal Estrategiari eta Osalanen Kontseilu Nagusiaren barruan eragile sozial eta ekonomikoekin etengabe lankidetzan aritzeari. Horren guztiaren helburua da enpresei, prebentzio-zerbitzuei eta langileei laguntza, orientazioa eta tresna praktikoak eskaintzea.
Bestalde, Lourdes Íscar Reina Osalaneko zuzendari nagusiak nabarmendu duenez, “prebentzioa ezin da soilik espazio fisikora mugatu”, eta “lana antolatzeko moduan, kargetan eta denboretan, partehartzean, egonkortasunean, lidergoan eta benetako prebentzio-kultura indartzean arreta jartzen duten lan-inguruneen” aldeko apustua egin du Osalanek.
Gainera, azpimarratu du prebentzioa dela “abiapuntua”, eta “prebentzioa ez da kostua; osasunean, produktibitatean eta gizarte-kohesioan egindako inbertsioa da”. Azkenik, zuzendari nagusiak erantzukidetasun kolektiborako deia egin du. “Laneko segurtasuna eta osasuna modu kolektiboan eraikitzen dira”, eta eskatu du apirilaren 28an “kaltea saihesteaz gain, osasuna, ongizatea eta etorkizuna sortuko dituen lan-eredu baterantz aurrera egiten jarraitzeko” balio izatea.
Kanpaina horrekin, Osalanek berretsi egin du prebentzio integratu eta proaktibo baten aldeko apustua, kalteak saihesteaz gain, osasuna, ongizatea eta lan-ingurune seguru, osasungarri eta iraunkorrak sortzen lagunduko duena, inplikatutako eragile guztien erantzunkidetasunerako deia eginez.






